Ertamerikari
Hartza
Gringoak eta mexikotarrak
auzo dituk iparretik
Venezuela, Peru, Colombia
ta Argentina hegotik
edertasunez hasea hago
itsas Cariben besotik
baina interes gaizto gehiegi
nola dabilen azpitik
Ertamerika,lurralde jator
iraungo ote duk zutik.
Zazpi herriek osatzen dute
gaur egun Ertamerika
arbaso berak, jende berdiña
elkar artean harrika
bat Guatemala, herri zaharra
ondon Belice zirika
El Salvador ta Honduras berriz.
beti elkarri irrika
Nikaragua, iraultzailea
Panamá ta Costa Rica.
Hasi gaitezen banaka hartzen
herri hauen egoera
Ai Guatemalan edertasunez
inoiz nekatzen ez gera
Arbaso «mayak» hor sortu ziran
gizartearen hasera
gaur militarrak agintzen dute
ta zer daiteke espera
ezkaxia ta gosea dira
heriotzaren bezpera.
Belice dugu Ertamerikan
naziorik gazteena
zaharren artean alaitasunez
haize berriz datorrena
burujabetza lor berria du
sobrante dauka kemena
Ertamerika guztin bezala
falta zaie ia dena
denen artean partitu behar
gutxi batzuek dutena.
Pazifikoren itsasertzea
El Salvador dago larri
jendea gosez hiltzen ari da
militarrak agintari
diktadurari hortzetan joka
gerrilla gogor da ari
armak hartuaz salvadoreriok
iraultza bidean jarri
represioa gainditu nahirik
askatasunez egarri.
Aipatu diran hoien ondoren
Honduras dugu bestea
amerikanok sartuak daude
zabalik dute atea
zerjana gutxi,mixeri asko
eta sarritan «golpea»
gringo-yankien laguntzarekin
militarrak agintea
bien bitartean politikoek
nahiko dute antzeztea.
Lurralde eder, langile jator
sufritzeaz dakizuna
Lurrikara ta Somoza ziran
benetan karga aztuna '
egun batean hartu zenuen
biderikan seguruna
Sandino hartuz gidari eta
iraultza zure laguna
Ai Nikaragua, zorioneko
esnatu ziñan eguna.
Ertamerika guztia dugu
USAren larrain zikiña
etxeaurrea garbitzea da
Costa Ricaren eziña
gringo arroen atzaparretik
bide,gehiegi egiña
dolarren menpe iraun beharra,
zurekin daukazun miña
beste herri bat izango ziñan
nortasun jabe ba ziña.
Nola txalupa itsas ertzean
horrela dago Panama
nortasun asko ez izan arren
negozioak darama
puerto frankoak eta kanalak
eman diote ia dena
salerosketa eta trukea
dira beraien lana
panameñoek berekin dute,
kontrabandoaren fama.
Hamar bertsotan agertu ditut
euskaldun baten larriak
Ertamerika etorri nintzan
horra bertako berriak
nolabait ere hase nahi nitun
behintzat nere egarriak
hauexek dira, euskaldun maite
hartzaren ttantto urriak
oraingoz gehio ez du ematen
nere bertso iturriak.