Amalur
Hartza
Gure Amalur eder
non zaude gorderik
animali guztiak
gaude izuturik
zer gertatzen ari da
ez dago argirik
aspaldian zeruan
ez da eguzkirik.
Garai batean ginen
zorionezkoak
mendi guztiak tiren
ehiza gabekoak
egunez-egunean
ugariagoak
hilketak egiteko
ehizari nahikoak.
Pagodi denak ere
behinola bota
pinudiez beterik
lur osoa da ta
horri eskerrak dugu
jatekoen falta
pinudia ez dena
dago ereinduta.
Basajaun zuzenak
izaten gurekin
bainan ezin sekula
fida gizonekin
berokiak eginez
gure larruekin
bihotz barnea dute
hotza eta zikin.
Ibaiak hil dituzte
kutsadurarekin
arrainak ere hilik
azidoarekin
guk ezin dugu bizi
koka-kolarekin
egarria kenduko
euri urarekin.
Zibilizazioa
gauza zelebrea
horrekin lortu dute
natura hiltzea
gauza bakar batekin
burua betea
nire lagun mamiak
hil diren ustea.
Euskadiko mendiak
alanbradaz bete
animaliak ezin
dugu bizi aske
alanbrada zikinak
mendian noiz arte?
ugazaben etxetan
jarriko nituzke.
Zu ere hilda zaude
Amalur maitea
zure bihotzak ez du
jasan oinazea,
geratzen den bakarra
amorruz betea
HIL AURRETIK GIZONAK
MADARIKATZEA.
|