Birauaren indarra
Aierbe, Jose
-1-
Biraua beti aguan
boteaz nai dan orduan,
griña txar orrek indarra ba du
oraintxe munduan;
Errosario moduan
santu guziak goguan
ezta atsegin izaten iñoiz
zenbaiten onduan!
-2-
Zeiñen oitura argala
jarraitutzea orrela,
geure ustean besteak baiño
geiago gerala;
errespetoa guk ala
uste nunbait jartzen dala,
bienbitarte erakutsi nai
Judasen eskola.
-3-
Konturatutzen bagera
artua dago joera
aundi ta txiki, erabiltzeko
izkuntza ber-bera;
geuk jartzen degu aukera
ikasteko nai dan era,
jaio orduko maldizioka
itzetik ortzera.
-4-
Zikin daukagu mingaiña
orixe bai, alajaiña!
era orretan lokaztutzeko
sortu dan aundiña;
kristau jatorrak bagiña
egin bear promes piña,
beti betiko desterratzeko
olako dotriña.
-5-
Nai degunean gaillendu
ta geure eran agindu
alakoetan kupira gabe
mingaiña astindu;
bazter guziak zikindu
arrazoi dunari kendu,
birau zikiñen indarrak sarri
ori egiten du.
-6-
Euskaldun eta erdaldun
batere ezta ezagun
birau kontuan berdintsu gabiltz,
aitortu dezagun.
Euskerak sortzez ezpazun
gaur ez dabilkigu txukun,
bai al dakigu askotan nola
itzegiten degun?
-7-
Asarre txikienean
biraua guk zuzenean,
burura ori etortzen zaigu
aurren aurrenean;
zenbat aldiz egunean?
konta ezin onenean,
pentsatu gabe geure kaltetan
dala azkenean.
-8-
Zer entzun ura ikasi!
okerrena lendabizi,
oraiñartean ala izan da,
nork eztu ikusi?
Garbi itzegiten asi
eztakiñai erakutsi,
bestela txarra izango degu
gero ere nagusi.
-9-
Nik neronen etxetikan,
esango det emendikan
olako eskolik ez det izandu
aitarengandikan;
gure okerrengatikan
naigabetuagatikan,
ala ere eztiot biraurik entzun
iñoiz oraindikan.
-10-
Neu ere aita izan da
kontsejutxo bat emanda,
besterik gabe emango diot
nai dunari txanda.
Gure grazia orain da,
ta nere naia auxen da,
aurrak biraurik ez beza ikasi
aitari entzunda.