Azpillagari
Agirrezabala, Juan M.
Inola ahal banu bertso batzuek
jarri nahi Azpillagari,
bere bizitzan bertso ederrak
kantatzen dalako ari;
gaztetatikan batuta dabil
bertsozko lantegiari,
orain badauzka nun ibilia
eta laguna ugari.
Geratu gabe baztarrik baztar
kantatu eta kontatu,
zer komeni dan adierazi
jendea ondo tratatu;
horren ametsa euskara eta
bertsoa gogor indartu,
orain ondo merezia dezun
omenaldi on bat hartu.
Ezagutu nun Kalbariotan
oso gaztia nitzala,
Uztapide ta biak kantatzen
hura bikote itzela;
ta ikusirik oraindiokan
gerau gabe zabiltzala,
urte askotan jaun zerukoak
holaxen zaindu zaitzala.
Hain da patxara ederrekoa
ahotsa berriz bikaina,
barrua dar-dar edukiarren
disimulatzen dakina;
horrek badauka etorria ta
zer erantzun nahi adina,
beti patxaran kantatu inoiz
larri egongo da baina.
Lopategi ta biak bertsotan
lengo urte garratsetan,
geratu gabe jardutzen ziran
zine, frontoi ta plazetan;
etsaiak berriz izorratu zai
faltau ezkero izetan,
ixildu arazi multa ordaindu
hainbeste mila pezetan.
Paregabeko koplaria da
Santa Ageda eskian
alaitasuna sortu nahirikan
batian eta bestian;
langintza hortan huts egin gabe
berrogei ta lau urtian,
nere partetik segi holaxen
beste ehun bat urtian.
Urtero urtero bisitaturik
nahiz kale ala baserri,
bere atzetik gustora asko
ibiliak gera sarri;
Azpillaga hau etzegok txarra
komentatuaz alkarri,
ohitura hortan hutsik in gabe
marka ederra du jarri.
Otsail hortan griperik ere
ez du inoiz harrapatzen,
Santa Agedak laguntzen dio
ohitura hori indartzen;
honen atzetik juan ezkero
errexa dirua batzen,
ikusitzen da ederki asko j
ez dala txarra eskatzen.
Pentsatutzen det zure izatiak
hainbat atsegin badula,
langintza horrek eman dezala
etorkizun bat mardula;
neuk e badakit bertso hobeak
zuk merezi dituzula,
baina hala ere seguru nago
barkatuko didazula!
Bertsolaritzak Euskalerrian
izate ona nola dun,
zure omen egunez Donostin
dudarik gabe ezagun;
ifar alde ta hego aldeko
batutzean hainbat lagun,
lasai egon hai egun eder bat
denok pasatu dezagun.