PSOE eta euskara
Galparsoro, Sabia
1.
Arrazoiaren ustela,
PSOEK daukan gibela;
hoiek ere agertu zaizkigu
espero bezela.
Larrugorritan geundela
kendu nahi ere okela,
euskararen hiletan biztu da
hurrengo kandela.
2.
Hauei ez zaie axola
zer modutan edo nola
lege kolpez xurgatu digute
zainetako odola;
Madrildik dena kontrola,
handik gurea antola,
euskarak parlamentuan dauka
betiko kaiola.
3.
Demokrazia distira,
ustela dugu guztira,
botoen defendatzaileetaz
ezin dugu fida;
haiek indartsuak dira,
ezin gu gera begira,
kalean neurtu beharko dute
gure sokatira.
4.
Hizkuntza daukagu grabe,
berorik gabeko labe;
arnasa kendu nahiean dabil
hainbat lotsagabe.
Faszistak garbitu gabe
ezin ukan libertade;
erdara hilda izango gara
euskararen jabe.
5.
Guk egin dezagun dantza
egiten dute arrantza,
haien aldera eraman nahirik
hizkuntzen balantza.
Norbaitek balu zalantza
hemen dauka segurantza:
PSOEkoek ari zaizkigu
francotarren antza.
6.
Euskararekin batera
galduko dugu sorrera;
gauza guztiak hilgo zaizkigu
horren arabera.
Hizkuntza dugu bandera,
horrekin irten kalera,
kontra dauden espainol-guztiei
egurra sobera.
7.
PSOE ari da alperrik
ez du lortuko biperrik,
gure kontra eraso eginik
dabiltza okerrik.
Geurean ez da ankerrik,
ez dute ezkur ederrik
lur honetan bazkatuz dabilen
makina bat txerrik.
8.
Zaharra izanik, euskara
hor dabil ezin anpara,
seme-alaben ardura ezak
bultzatuz hortara;
irten gaitezen plazara
horren beharrean gara,
haginak bistan, belarri tente,
otsoen gisara.
|