Gazte giñala Jaunaren legez
Gabiria, Luzio
-1-
Gazte giñala jaunaren legez
egin genduen ezkontza,
eta Berari eskatzen nion
bizitzarako laguntza.
Nola azi ta ugaldutzeko
etorri giñan onuntza,
gure jainkoak seme batekin
alaitu zigun biotza.
-2-
Zail da alako ume aderrik
mundu ontan ikusitzen,
eta alako zorionean
nor ezta pozik bizitzen?
Nola zijoan gure semea
oi dan bezela azitzen,
geure aldetik saiatzen giñan
al zan ondona ezitzen.
-3-
Gero asi zan gure aur ori
erri eskolara juten,
baña eztakit nik zenbat umek
zer gauz aparteko duten.
Bere lagunak gelditzen ziran
aren esanak entzuten,
erriko danak, aundi ta txiki,
orrenbeste maite zuten.
-4-
Guretzat etzan iñen ekaitzik,
ez genduen erasorik,
gu baño obeto ezin bizitu
iñoiz beste gurasorik;
baña munduan nola eztagon
zoriontasun osorik,
seme laztana amar urtekin
jarri zitzaigun gaxorik
-5-
Gero etxerik etzan betetzen
lenago kantu alaiz,
min-bizi edo «kantzerra» zula
konturatu giñan garaiz.
Bere miñ-aldi gogor aietan
galdetu izan zidan maiz,
esan aitatxo, esan garbiro,
iñoiz sendatuko al naiz?
-6-
Igande batez nere emaztea
meza entzutera joatean,
asmo oker bat sortu zitzaidan
nere biotza betean;
seme maitea min-oñazetan
oian zegoan artean,
gasa sartuta ito egin nun
etxeko gela batean.
-7-
Ai! estuasun aundiagorik
iñoiz ezin leike izan,
semea illa, ta emaztea
oraindik zegon elizan.
Nere burua ikusten nuen
gizon txarrenaren gisan,
eta erriko juezarena
gero inguratu nintzan.
-8-
Nola errian etzan gertatu
iñoiz beste orrenbeste,
ta barkapenik izango zanik
neretzat ez nuen uste.
jende guzia gero asi zan
nere askatasun eske,
eta munduko askatzalleak
or utzi ninduten aske.
-9-
Baña neronek aitortutzen det
nere orduko errua,
egun eta gau entzuten baitet
kontzientziko orrua.
Beste munduan epaitutzeko
iritxiko zait ordua,
espetxe gabe geldituarren
eztaukat lasai barrua.
-10-
Jaungoikoari kontu ematera
azaldu bear det aurki,
eta ordurako gertutu nai det
nare barrua egoki.
Nik dedan baño damu geiago
ezin diteke eduki,
jaungoiko maite, Aita betiko,
izazu nitzaz erruki!