Gotzon Alemenai
Goiza jeiki zen bezain pronto, zerua ilun agertu zitzaigun
Tristetasunaren lanbro zakarrak, bazekien bai,
hi joan hintzela.
Ez diat sinesten, ez diat ulertzen,
oraindik ez.
Hain bereiziak ziren hitzak, ahozkatu gabe,
joan hintzen, inor kontura ez zedin.
Egun hontako gune neketsu hontan,
bildu egin gara, hire iritzia errespetatuz.
bakoitzaren begietatik, malkoa dariola.
Malkoaren hibai urtsuak, betidanik sortutako
sentimenduen bidea eraikiaz.
Ezer gutxi garela, baieztatzeko beldurrarekin.
Agian, zenbaiten oztopon zehar,
abiatuko dira, leize luzo ilunean
aurkitu nituen hitz he-ze-ak
nire malkoaren mugimenduaz, labaintzen direnak.
Hel beharrean nabarituko dute ordea,
beraien esanahia, mendi bakoitzaren gailurrean,
emeki, kontu haundiz, jar ditzadan.
Joan hadi, ohinez, egalez, irudimenez,
gu guztion gainetik,
esanahi bakoitzak duen kutsu sakonaren barnean,
eskeintzen zaikena, barrutzera, hire gorputzean.
Min etsi honen zorroztasuna, nire baitan,
negar egite honek dakarren,
sentimendu zauritua.
Zauriturik gelditu garelako, humezurtz
etxeko mahaiari anka puskatu zaio,
hasierako jan hura buka ez dadin,
opari behartsua dizut eskeintzen, guztia.
Hire azken hatsa lorez apaindurik, lasai
bota ahal izateko, atsedenean.
Paperak lurretik jaso ditiat hire gorazarrez, Gotzon
hik ere, usoek ogi-papurrak bezala
jaso baithuan gazteen uzta, nahiz garia, nahiz hizkiak,
usoek ere ez diate merezi hainbat eskertuko
eguzki ttipiaren irriz sartu huan irrifar zabala.
Uso gorri, urdin, berde, beltz...horiek inguratu hinduten
edota hik inguratu ahal hituan?
galdetzen diot neure buruari lau hormez osaturiko
heriotzaren zerraldon.
Malkoek ez omen ditek bazter lehorrik uzten, eta nireek ere, Gotzon
beti Gotzon, ez dute hire irri ximelak eskeintzen zuen estalpea aurkitzen,
baina adimenak bai, adimenak hi aurkitzen hau giro busti honetan.
Nigarrak ibai luze, odolezkoa ote...? ibai luze honetan
Ibaiak arakatuta ere, hire bizar galduaren hileak besterik ez dugu aurkituko
hire gorputz fisiko metamorfosiaren lekuko,
lekukotasun honek dirau gugan oraino
argi bitxi bat hintzen erraldoi artean,
izarrak bezain bitxi, Dabid bezain ttipi,
baina argia, argizarizko kandela ahulen habia,
hi hintzen, Gotzon.
Zure izena idaztea zaila egiten zait, behar bada malkoek uzten ez zidatelako, baina buruak idaztera behartzen nau.
Ikusi egin dut, lojiko eta normala den bezala, 100 begi zure izenari begira nigar eginaz. Baina haietako inork edo oso gutxik galdetzen zion bere buruari: zeure begi tristeen atzean dagoen nigarra, zure bizia estaltzen zuen nigarra, batzutan irrifar sakon batez gordetzen zenuen, orain ez ahal duzu gorde beharko.
Ez dut zure izena barroko musika batez goratuko, ez eta meza zikin batez zikinduko, horik denak hildakoen gauzak dira, eta zu oraindik bizirik zaude, behintzat zure nahiak nire buru barruan daude, nire bihotzean ez esateagatik.
NAHI ETA EZIN
Gotzon
ezin eta nahi, eskuetan lurra hartu,
hodeiak urez beterik dauden egun honetan
zure gorputza ikusi dut, lau gizonek eramanaz
horri baten antzo
Baina ez ditut
zure aurpegiaren begi sakonak ikusi,
ez eta zure irrifarra,
non zaude? Nola?
Agian zuk hain maiteak zenituen hodei artean
edo itsasoan urarekin jostatzen.
Ez dakit non zauden baina nire bihotzak
esaten dit: nahiz eta hemen ez egon
edozein lekutan aurkituko zaitudala,
zure begiak ez ikusi arren,
hemen,
non? non zaude Gotzon?
Eta joan zeralako, aizearen laztanak,
ez ditut usaintzen, orbel mordoaren babesean ezkutaturik
Zu, uztaren nekazari nekatua.
nunbait, golde erdoiltsu aragizkoa
bai, amar lur zakarri zuku gozoa atereaz.
Eta orain galduta, biziaren malkar gogorretan
ezkutatutakoa, zorabiatuta, biluzi...
BIZAR lirain, sendo hartan
ez da edozein esku harrunta barrenduko,
eta zizare maltzurrak errespetatuko haute,
hi hazi eta...
gorrotorik gabe
far ezkutuarekin
begi kabietan malko saskia prest beti...
ZIRRIZKUA iriki denean
lotan
lasai
aske
lilluratuta
joan haiz sutondora
epel-epel liburutxoa irakurtzera...
Edo Zuberoko zelari batetara
artzaiarekin zigarrotxoa erretzera.
ETA ilargia aserre, zeharkaka begira
amar izarrez apainduta, dotore
zaintzen
ustel ez zaitezen...
NI NAIZ ETA...
taberna honetan porroitik
zanga-zanga edaterakoan, alai-
tasunez, hitzegiten asten bagara...
gure musikatxoarekin noizbait.
maixu batek egin zuen lana.
Gauaren babesean
Iluntasunaren besoetan
Izerdi hotzaren tartean murgildurik
Amaitu zaigu Euskadiganako karraxi bat
Karraxi horrek erakutsi zigun
Aberria maitatzen. Bitartean,
Euskararengandik hertsirik zeukan
Gaztetasunaren bihotzean
Borroka latza baina ederra
Zeraman barruan
Irentsirik zeukan ere
Zapalkuntzaren zama
Goiz gris eta usteldu batetan joan zitzaion bizia
Baina gure lagun honentzat... anaia honentzat
Eskeintzen dugu
Jarkikortasun gabeko negar hau.