German Uriguen "Etxegiña"-ri
Euskal Herriko zuhaitz zaharra
bizirik gizaldietan,
naiz Nafarroan eta Lapurdin
naiz Arabako aldetan,
bai Gipuzkoan edo Bizkaian,
Euzkadi bait da denetan,
kimu berriak emanez dago
udaberriko loretan.
Euskal-arnasak berotu zuen
Bizkaiko Ermu-herria,
han egun batez zuhaitz hortatik
sortu zen kimu-berria:
giza arnasaz, kristau fedean,
sendoturik oinarria,
ikasi zuen Euzkadi zela
Euskaldunen aberria.
Giza-bidean lerroturikan
heziketaren ardatza,
etxetik eta elizatikan
edozki zuen arnasa:
bizitza etzen hain erosoa,
bizimodua, bai, latza,
ta-txori antzo-bertzo abestiz
alaitzen zuen baratza.
Euskal Herria baratza bat da
gizaldi-zehar egiña,
hildo beretik etorri arren
emaitzetan ezberdiña:
Ermun loretu kimu gaztea
Bizkaitik dugu aldegiña
ta Elgoibarren etxe berrian
jartzen zaigu «Etxegiña»
Bizkai-baratzan, alai ta gazte,
abesten zuen txoria
etzen ixildu, aldatu arren
toki berrira kabia:
Bizkaikoari erantsiz hemen
Gipuzkoako aria
apaiñagoa gerta zitzaigun
oraingo bertsolaria.
Txori alaia, ixildu gabe,
kale ta mendi kantari
elizan eta lagunartean
itxaropen abeslari:
«Etxegiña» du izen-goiti ta
badagokio berari,
berritasuna eman bait dio
euskal-etxe zaharrari.
Eskerrikasko, German laguna,
eskerrak mila bihotzez,
zure izena goretsi nahi dut
nere abesti apalez:
gure herriko zuhaitz zaharra
kimu-berritan da lorez,
arnaz berriak berotu duta
zure txertoaren bidez.
Izango dira kimu berriak,
izango dira gazteak,
zuk ereindako hazia ari da
ematen gaurko loreak:
«Etxegiña»-ren zimendu-lanak
babesten ditu abeak,
ez du lur-joko zuk maite duzun
Euskal Herriko etxeak.
Giro gaiztoak, laguntza-ezak
hamaika txoritxo hil du;
gure munduko zurrunbiloak
ditu irentsi ta amildu:
horregaitikan, German, etzaitez
zure kantuan ixildu,
zure ondoan txori berriak
behar dituzu zuk bildu.
Euskal Herria euskara gabe
ezin daiteke ulertu,
bainan euskara bertso ta olerkiz
guk behar dugu edertu;
zure bizitzan bi gauza hoiek
zuk ez dituzu baztertu:
ZURE ONDOREN HEMEN GAUZKAZU
HORTAN JARRAITZEKO GERTU.