(Bertsoak)
Izazpik
1
«Korreturnoan» izenik ere
gaur arte ez genekigun,
erderatikan hitz gaizto asko
nola etortzen zaizkigun.
Tailer batzutan moda berri bat
nola jartzen ari zaigun;
lanean zazpi egun segidan
ta deskantsuan bi egun.
2
Ezertxo ez du errespetatzen
ez igande ta ez jairik,
ez du aitatzen guraso edo
familirako garairik.
Aste buruan ezin ikusi
lagun edo, andragairik,
nik lege honi ez diot hartzen
kristau sanoen usairik.
3
Zazpi egunez, hiru turnotan
goiz, arratsalde eta gau,
gelditu gabe, jai eta aste
lanean hainbeste kristau.
Europan sartu nahi badugu
premizkoa omen da hau,
nora goazen ez jakiteak
nahikoa bildurtzen nau.
4
Lanean jardun behar omen da
makinak lehertu arte,
eta alboan maila berean
gizonak hartzen du parte
Berak pertsona bezela ditun
eskubideak aparte,
burumakurka jardun beharra,
arnasik duen bitarte.
5
Langile batek onartu behar
lege gogor ta traketsak,
edo kalean paro tristean
utziko zaitu ezetzak.
Paradiso bat izango zela
egin ginuzen ametsak...
Hola dijoan gizarte baten
ikusteko gaude beltzak.
6
Gure antsia askatasuna
izanda menderik mende,
baina morrontza bildurgarrian
ikusten dut hainbat jende.
Jai egunetan lanean jardun
eta astean igande,
azkenerako geu jarri gara
aurrerapenaren mende.
7
Konpetentzia latza dago ta
industri mailan ere bai,
Produzioa doblatu eta
gauzak merkeago nahi.
Zenbait gizonek martxa honetan
ezin luzaroan jarrai,
sistema hona izango da hau
hilobian hartzeko jai.
8
Egun osoa lanean sartu
era berdinean gaba,
tailarrak moda berritutzeko
langile erdiak traba...
Etzaigu gutxi kostatu behar
Europa horren aldaba!
Amonarekin obeto geunden
hau aurrerapena bada.
9
Ordularien tin-tinaren zai
sartu orduko lotara,
argiak dakar, motor ta kotxe
zoramenaren bolara.
Egunsentitik arratseraino
presaren morroiak gara,
makinabatek arnestuko du
garai bateko patxara.
10
Aurrerapenak badakarzkigu
ateak hainbat maratil,
badakit izan zitezkiala,
bizi izateko trankil.
Baina jendea bizi ezinik `
erdi zoratuta dabil,
saltoka jaio, presaka bizi
eta «korreturnoan» hil.