Aitondutako maizterraren naigabeak
Zarautz (Segundo Etxeberria)
1
Ogibiderik geientsuena
nekazaritzatik baņa,
mendian ere izaten nuan
artalde eder, bikaņa.
Garo tartean ardi txuriak;
an zan nere atsegiņa,
naiago nuke orain orduan
bezela bizi bagiņa.
2
Aiton maizterra biotzondoa
dago txit minberatuta,
besteren mende bizi bearrak
naigabe asko ditu-ta.
Negar malkoak ixurtzen ditut
mendira begiratuta,
ardik kentzeko agindu dute
basoak piņu sartuta.
3
Galduak ditut garai bateko
mendiko lore txuriak,
galduak ditut esne putzuak,
galduak ditut gaztaiak.
Batere leno gozatzen nitun
arkume maitagarriak,
zalantzik gabe esan nezake
indar duala etsaiak.
4
Lenen basoak piņu sartuak,
ta ondoren belardiak,
Ta gero berriz soro bazterrak
arbola beltzez josiak.
Azken urteak bizkarrean da
eztitut egun lasaiak,
nere biotza erdibitzen du
gauza auek ikusiak.
5
Berrogeitamar urte luzetan
emen aditu lanean,
nik esatea gaizki da baņa
modurik jatorrenean.
Ez nuan uste era onetan
arkitzerik azkenean,
naigaberikan asko ba-dago
aitonaren barrenean.
6
Ondorengoak asiak neuzkan
baserriko izakeran,
nekazaritzan jarraitutzeko
indarra zegon aukeran.
Baņa kalera jun bear degu
agindu diguten eran,
bizitza zear egindakoak
lautatik iru galeran.
7
Bat era ontan arkitutzean
nola ezpa naigabetu,
beste bat ola gertatzen bada
malkoak izango ditu.
Guk egin bear deguna au da:
bide onetik jarraitu,
Golgotan odol-ustu zan arek
gogoan izango gaitu.
8
Esanda esan eginda ere
ez al da negargarria?
bein betirako utzi bearra
jaio giņan baserria.
Baņa nunbaiten sortuko al da
artoa edo ogia,
luzarorako eztago berriz
aitonan mundualdia.
9
Zerbait izardi ixuria naiz
etorkizunan beldurrak,
ta bizi poza bear nunean
datozkit berri maltzurrak.
Era onetan laister dirade
lurpean nere ezurrak,
Agur, auzoak, Agur, Errezeill,
ta agur mendi gallurrak!
Bertso auetan agertzen dan guzia
gertatua da. Segundo Etxeberria.