Gasolinak egon du
Etxano
1
Akerraren adarrak
izarretan gora
gasolinak igon du
nik ez dakit nora.
Berriro ez badator
lau hankako moda
kotxea bizkarrean
hartu beharko da.
2
Lau gurpil polit ditu
gure berebilak
laurak ibiltariak
eta biribilak.
Hoiek martxan ipini
nahi bada mutilak
herstutu behar hortzak
edo barrabilak.
3
Zakurra mikelete
agoazil katua
zein deabruk darabil
munduko tratua.
Arimak behar omen
ur bedeinkatua
kotxeak gasolina
madarikatua.
4
Nork lezan Washingtonen
infernua ireki
iraungirik balego
dolarrez izeki.
Petrolio putzuei
su eman hobeki
Arabeen odola
dela ez baneki.
5
Gure anai Arabeen
odol beltz likina
munduko zerri jaunen
salda atsegina.
Gasolina genuke
itotzeko dina
lapur haundi batzuren
morroi ez bagina
6
Hezurne Gezurregi
gezur hezur truke
urri dagola zerri
jaunek esan dute.
Gasolinatzat ura
asmatu balute
kunetan egarriz hil
beharko genuke.
7
Gasolina dionak
beste edozer dio
zerbait jan edan behar
zer erremedio.
Inflazio puta bat
delako medio
lanak denari eutsi
behar omen dio.
8
Laster komun paperik
ere erosi ezin
pentsa beharko nola
bakar-lanak egin.
Atzea hamar hatzekin
hatzak mihiarekin
garbizalerik bada
ba du zeri ekin.
9
Gasolina da odol
beltz iragazia
larruari darion
izerdi gazia.
Langileen adarrak
jo du garrasia
errekak ere sutan
omen doaz ia.
10
Mundua da laino bat
lanetik irtena
lanezko laino landa
lainozko lan trena.
Lanetik bizi gara
lana dugu dena
gehienok norberea
ez gutxik bestena.
11
Gizonari buzoa
mandoari txalma
gure lanik erdia
haizeak darama.
Orroaka ari da
trumoiaren ama
gizonen mandazainak
ditzagun desarma.
12
Bizi nahi ez badugu
hil arte gatibu
aprobak egitea
behintzat merezi du.
Langileoi gerria
mehetuko zaigu
baina berei arnasa
itoko diegu.
13
Gu kapaz ez bagara
umontziko haurrek
jaio-greba hasteko
jo du Akelarrek.
Berdin diote Euskal
Herriko oilarrek
barka haurdunok baina
merezi du horrek.
14
Hamairu birao berri
azkena hamalau
gasolinak hartuta
suak eraman nau.
Langileon burrukak
indartsu badirau
laster bukatuko duk
esplotazio hau.
|