"Xenpelar saria"-ren galdez
Esnal, Pedro Mª
Bertso-arlotik dator
gaurko notizia.
oraindik maite al du
inork justizia?
eskutatik kendua
edo ihesia
Xenpelar izeneko
sari berezia.
Baldin norbaitek balu
sari horren berri,
adieraz dezala
argi eta garbi.
Ezer ez entzuteak,
ez urdin, ez gorri,
aspaldi susmo txarrak
zizkidan ekarri.
Orain dela bi urte
saria erabaki,
baina ez zuten eman,
bidezko izaki.
Iaz, berriz, jarri ez,
dirua aitzaki.
Non zaude, ez hileta
eta ez adabaki?
Hara zer gertatu zen
dirudik ezean:
aizkora sartu zuten
arbola hezean.
Gaur baztertuta dago
bide estu ertzean
nor kupituko den zain
handik pasatzean.
Non ote dira orain
haren gurasoak?
Non, errukirik izan
ez zuten besoak?
Beti behartsuentzat
dira erasoak!
hainbeste hurrupatzen
al zuen gaixoak?
Orain bi urtekoa,
eginak hor daude,
merke irten zitzaien,
erabat debalde.
Ni eizendatuarren
sariaren jabe,
hemen nago oraindik
eskuratu gabe.
Auskalo zenbateko
saria izango zen,
zenbat milaka duro
nigana zetozen!
Baina nonbait galduak,
agian Burgosen.
Ez dakit nondik hasi
panderoa jotzen.
Norbaitek behintzat ondo
jo digu adarra:
ez sari eta ez diru,
tratalari azkarra.
lehen kontzientzietan
ba omen zen harra.
Gaur hura ere hila,
hau martxa kaskarra!
Dirua eta saria,
harra eta bihotza,
alde guztietatik
galduaren hotsa.
Laster hustuko dute
kulturaren poltsa.
Zintzarri beharrean
askotxoren lotsa!
Non ote da dirua,
non ote da harra?
non, «Xenpelar saria»
berbizteko indarra?
Non, emandako hitza
betetzeko garra?
Ba da zenbait golkotan
zerbaiten beharra!
Ulertzeko ez da behar
hainbeste adimen:
mundu honetako zorrak
ordaintzeko omen.
Ordain itzazue, ba,
zain gaituzue hemen,
guk ordaintzen ditugun
bezalaxe. Amen.
|