Torizu eskua
Esnal, Pello
Etxera nentorrela
nekatuegiak
ikusi ditut galdez
zenbaiten begiak.
Zer irtenbide duen
gure gazteriak,
nolako etorkizuna
gizarte eriak...
Zer erantzun lezake
gaur bertsolariak?
Gau erdian jarri naiz
leihotik begira,
eguzkia jaiotzen
deneko mendira.
Galdera bihotzean
jira eta bira,
zeruaren gainean
izarren distira.
Egun gozoagoak
etorriko dira.
Geroak sortzen digu
askori zalantza,
bihotzeraino sartzen
sarritan arantza.
Noizbait loratuko da
gure esperantza
eta martxan hasiko
askatasun-dantza.
Gaua hartzen ari da
egunaren antza.
Hona hemen dardaraz
nire erantzuna,
gauaren isilean
izarrei entzuna.
Geroak jaso beza
honen oihartzuna,
gazteak berezkoa
du etorkizuna.
Ez ahal da gailenduko
gaiztoen lizuna!
Gazteria batetik
bestetik herri hau,
akuilu bikoitz horrek
kezkatan jartzen nau.
Historiak apurtu
ditu hainbat arau,
bi eta bi ez dira
gertatu beti lau,
goizik gabe geratu
izan da zenbait gau.
Sarri izaten dugu
duda agintari,
nork ez du etsipena
barnean nabari?
Baina gaurko honetan
izarrak gidari,
lekua utzi diot
itxaropenari.
Gauaren babesean
hasi naiz kantari.
Geroaren beldurrez
zaitugun gaztea.
guztioi dagokigu
goiari eustea.
Ez zaigu bidezkoa
negarrez hastea.
orain egin beharra
biharko uztea.
Erabat ustela da
alferren ustea.
Orainaldian duzu
geroaren giltza,
mirarien atzetik
alferrik zabiltza.
Hazi txikian dago
gordea zuhaitza,
neguaren golkoan
udaren emaitza.
Hutsetik zerbait sortzen
hain da gauza gaitza.
Lehenaldia dugu
gehienetan maisu,
zure etorkizuna
garaiz presta ezazu.
Atea eskuhutsik
jotzen badiozu,
gero aurrerantzean
jai izango duzu,
axolagabe izana
damutuko zaizu.
Honekin bukatzen dut,
gazte adiskidea,
lagun zaitut kezkatan,
lanean kidea.
Ibiliz egin ohi da
gaur arte bidea,
jardunean daukazu
zeure irtenbidea.
Eskurik behar bada,
torizu nirea.
|