Nuklearrez hila
Esnal, Pedro Mª
1.
Egun haizetsua zen
gure herritik gertu
zentrale nuklear bat
zenean lehertu.
Guztia kiskali zen,
ni errauts bihurtu.
Inork ez zuen nire
zuloa haitzurtu.
2.
Erreak ziren denak,
maite eta guraso,
bertsolari hautsia
nork lurretik jaso?
Orain nire herritik
urruti naiz oso.
Haizeak ekarriko
ninduen akaso.
3.
Baina nire bertsoek
bizirik diraute,
une batez kantura
eramango naute.
Doinu tristez nahi nuke
ingurua bete,
arik eta norbaitek
txanda hartu arte.
4.
Etengabe jo zuen
hamaika eztarrik:
«herriak ez du nahi
indar nuklearrik».
Baina oihu guztiak
joan ziren alferrik.
Gaur malkoek ez dute
begien beharrik.
5.
Inork eragin gabe,
denak bat batean,
din-dan garrasiz omen
tristuraz betean.
Isiltasunik ez da
gure lur maltean.
Hilezkilen nigarra
nork lotu katean?
6.
Nahiz ameslariek
bestela sinetsi,
arrain txikiak ezin
handia irentsi.
Berdin gertatuko ote
bihar eta etzi?
Hilezkilak oraindik
ez du behintzat etsi.
7.
Hona hil hots hautsia,
menditan barrena
oihartzun nekagaitzak
airez dakarrena.
Amaigabeko hileta
gure herriarena,
bertsolariarekin
minez dakorrena.
8.
Ahaztu naiz hilargiz
eta izarren urrez,
ahaztu eguzkiaren
irripar samurrez.
Hemendik joanak ote
betiko agurrez,
heriotza agirian
uzteko beldurrez?
9.
Bertsolaria ere
ba doa tristerik.
Ezer ez da geratzen
bertsoa besterik.
Hemen ba ote dago
berriro hasterik,
heriotzaren baitan
bizia bizterik?
|