Mattin, izar berria
Esnal, Pello
1.
Hura berri samina,
latz eta isili
etorri zitzaiguna
ezkilaz ezkila:
Mattin Ahetzekoa
genuela hila
edo agian joana
Xalbadorren bila.
2.
Geratu ginenean,
Mattin, zure gabe,
gaua egin zitzaidan
bihotzaren jabe.
Kezkati hasi nintzen
galde eta galde
irriak betiko egin
ote zigun alde.
3.
Itsasoari joan
nintzaion galdezka.
Hitz gogoz kendu zidan
bihotzeko kezka:
«Humorea estaliko
duen lurrik ez da,
nonbait jarriko zuen
Mattin horrek festa».
4.
Pozez galde egin nion
mendiari orduan:
«Ikusi al duzu Mattin
zure inguruan?»
Honela esan zidan
erantzun moduan:
«Festa-hotsa somatu
nuen bart zeruan».
5.
Zeru aldera begira
nintzen gauez jarri
eta ilargia nuen
keinuka igarri.
«Hemen denok dakigu
Mattin horren berri:
izar artean dabil
bertso eta irri».
6.
Pozgarri izan zitzaidan
hura jakitea
eta bilatzeari
gogoz ekitea.
Zeru erdian zaude
zu, Mattin maitea,
izar txikia baina
dirdiraz betea.
7.
Geroztik egunero
iluna heltzean,
zure bila jartzen naiz
gauaren beltzean.
Zerura begiratzen
dudan bakoitzean,
taupaka hasten da irria
nire bihotzean.
8.
Ezin gaitezke, beraz,
heriotzez mintza:
bizirik dugu Mattin,
irriaren giltza,
izarrak berarekin
algaraz dabiltza.
Hara gora begira
triste bazabiltza.
|