Marrakech-tik Casablancara
Esnal Ormaetxea, Pello
1
Hainbat euskaldun hil den
Afrika partean
ia-ia gelditu
ginen lurpean.
Guztia geratu zen
joan den urtean
Marrakech-ko hiritik
Casablanca artean.
Abioi batean
nindoan bakean
eta bapatean
sartu lainopean...
Ez dago sinisterik
pasa artean.
2
Marrakech utzi eta,
traralaralara!,
bagoazela hegan
Casablancara.
Gora igo orduko
akabo patxada,
garraisi bihurtu da
zenbaiten algara.
Zeruko aldaba
inoiz joko bada,
bertatik bertara
hau dugu parada:
erruki zakizkigu
Santa Barbara!
3
Estuasun honetan
ez naiz ni bakarra,
ez bait dihoa hutsik
katxarrotzarra.
Eskuinean daramat
emazte azkarra,
ezkerraldean, berriz,
Migel bizkaitarra.
Hiruron negarra,
antzeko samarra:
hau da zoritxarra
gure mundu txarra
Euskal Herritik urrun
utzi beharra!
4
Barrunbea dilindan,
hegoak dardarka,
hau istilua eta
hau zalaparta!
Salto, brinko ta jauzi,
tirriki-tarraka,
ezinean dihoan
hegazkin ausarta.
Non da azafata,
morena galanta?
Hori ere falta,
ihes joan da-ta.
Ezin ote daitezke
lurrera salta?
5
Hau da deskalabroa,
hau da desastrea!
Batxez batxe dihoa
gure trastea.
Lehen gutxi bagenuen
hona hemen bestea:
ez zait ba gonbitoka
ari andrea gaztea...
Hau da, emaztea,
gauzak erraztea:
norbere lastrea
botaka hastea.
Nik ere ahoan dut
nire hestea.
6
«Zer duzu, emaztea,
zurbil eta zurrun?».
«Kanpoa dena laino,
barrua lurrun».
Zertarako alferrik
ametsetan jardun,
gugatik ez da inor.
geldituko alargun.
Burrun eta burrun
ezin joan urrun.
Eskerrak ez dugun
zorrik utzi inun
eta zerua ere
gertu daukagun.
7
Baina zergatik etsi
umeak bezala?
Bagoaz, jaun-andreok,
bagoazela.
Negarzaleak negar
egin dezatela,
besteaok pentsa onik
irten gaitezkeela.
Ez bahaiz ustela,
pilotu eskela,
eutsiok, bestela
nolako pastela!
Nork ordaindu behar dik
gure eskela?
8
Bateko batxea ta
besteko irrista,
seguru goazenik
ezin sinista.
Harro hasi dugunok
zeruko kronista
larri bukatu behar
ora-pro-nobiska.
Pilotu artista,
luza ezak bista
hortxe daukak pista
argiak dizdizka...
Ez ahal duk haundituko
eskelen lista!
9
Aireportu bikaina
hortxe daukagu zai,
gu jaisteko irrikan,
izerditan blai.
Pilotu kaiku hori,
habil behingoz ernai,
izango ahal haiz txukun
lurreratzeko gai.
Bagoz, ai, ai, ai!,
inor gutxi lasai,
baina oraingoan, bai,
lortu dugu, ja-jai!
Heldu garela heldu
traralaralai!
10
Algaraz estalita
aurreko estura,
airean jaitsi ginen
aireportura.
Komunean sartuta
hango ispilura:
«bigarren aldiz jaio
gaituk gaur mundura».
Ahal dudan modura
kontatu dut hura,
puntutik puntura
gure abentura.
Aitontzean joango
gara zerura.
|