Aitona gorra nuen
Esnal, Pello
1
Aitona gorra nuen,
halaxe dut aita,
ni ere gortuz noa
gaitzak hala nahita.
Nere mindura ezin
hitz arruntez aita,
bertsotan jarriko dut
doinuz eta sailka,
kantatutako pena
pena erdia baita.
2
Nere umetan zorrotza
nuen belarria;
gaur bat ia galdua,
beste erdia.
Lehen dena entzuten nuen:
haize bihurria,
eulia hegan eta
urrun zintzarria...;
orain isiltasuna
dut hots-iturria.
3
Gaitzak belarriari
gaina hartu dio,
hamaika hots bihurtu
zaizkit murmurio.
Alai hazi nintzena
gaur nabil serio,
gorreriaren zama
dudala medio.
Beldur den gizonari
dardara dario.
4
Gorraren inguruan
dena isiltasun,
ba al dakizu, gaitza,
zer dakarkidazun?
Umetako larrosa
bihurtu zait asun,
gaztetako ametsen
eztia, behazun.
Goizaren irrintziak
arratsa oihartzun.
5
Lagunaren ezpainei
darien hitz-hotsa
nigana iritsita
bihurtu izotza;
iturburuan epel,
amaieran hotza.
Hau isolamendua,
hau itzal mingotsa!
Bakardadeak ez du
urrun heriotza.
6
Betiko isiltasun
zaren heriotza,
belarrietara zait
heldu zure hotza.
Umetan egutera
nuen nik bihotza,
gaur itzalaren mende,
neguko laiotza:
ez daukat entzuterik
kukuaren hotsa.
7
Negu dut bihotzean,
ez epel, ez kuku,
itsasoa bera ere
ia-ia mutu.
Zientziak ezin du
hormatzarra sutu;
hormak ere ez, ordea,
bizi-poza urtu.
Jaio izana ez zait
oraindik damutu.
8
Ai, zenbat abentura
zoriona aitzaki!
Gaztearen odolak
su gabe diraki.
Nere bizi-pozaren
izarrak badaki
bere bila ibili
naizela ausarki.
Kanpoan uste eta
barnean izaki.
9
Isildu zaidanean
kanpoko alorra,
barnean aurkitu dut
urrezko altxorra.
Nere bizi-pozaren
izar iheskorra,
zu galtzeko bildurrak
zulatu nau, horra!
hain zara eskuragaitza,
hain zara hauskorra.
10
Bihotzean sartua
daukat hotzikara:
gaitza, ez zaitez pasa
seme-alabetara.
Mundualdi hau minez
bizitzeko al da ba?
Lehen ere joa duzu
gurean aldaba.
Errugabeak dira
|