Bertso berriyak ipiņiaz ni
Epergain
1
Bertso berriyak ipiņiaz ni
emen nator zuregana.
Nere biotza naigabeturik
ez naiz alaitzen: Au lana!
Ezer gorde gabean
jartzen det pindadean
danontzat garbi al-dana:
emaztetxo bat artu nai nuke,
ori da bear dedana.
2
Berrogei urte oraindik dauzkat,
baņan nago asperturik,
ezin arturik nabillelako
nai dedan bizi-modurik;
nago bakardadean
emazte-bearrean;
naiz zuk ez izan dirurik,
nik berdin-berdin artuko zaitut
bi besoak zabaldurik.
3
Baserria txit erosoa det,
ez dago bizi-eziņik:
zortzi bei onak izaten dira,
gero zekor eta idik;
txerriak ezkurretan
dan urte-garaietan
azitzen ditut ederrik;
berak bakarrik bazkatzen dira,
ez dute zaindu bearrik.
4
Orain txuritu-berriya daukat
etxea dana gaņetik,
joan dan neguan egiņa nuan
berdi barrengo-aldetik;
sukalde eta gelak
ez daude aldrebesak,
orain sartu ditut berrik;
gero ukullua txukun jarri det,
ez dauka lengo tankerik.
5
Neskatx gazteak: jardun nauzute
etxea txit apain jartzen;
alderdi danak txuriturikan,
ez du lengoa ematen;
gero aurrerapenak,
gauza prezisoenak;
iņoiz erropa-garbitzen
ez degu izango zure eskuak
jardun bearrik urratzen.
(Iparragirre'ren doņuan)
6
Gure Jainkoak lagun deidala
sarritan naiz eskatua,
lasaitasuna iritxi dedin,
bestela nago galdua
ganaduaren lanak,
otordu eta danak,
nik daukat bizi-modua!
prendak garbitzen bear det iņoiz
arratsalde geientsua.
7
Naigabeturik ikusten degu
gure baserria askotan,
mutil jatorrak egonagatik
ezkontzeko desiotan;
billatzen ez da errez,
sinistuta egon zaitez,
ez nauzu ari txantzetan:
neskatx gazteak ez dute nai-ta
jarri baserri-etxetan.
8
Neskatx gazteak, jarri zaitezte
auzoan esposaturik,
gure baserri polita oiek
gelditu gabe usturik,
laister datoz eskura,
urte gutxi-burura
diran aurrepen guzik;
aiek artzean ezta izango
nekean jardun-bearrik.
9
Erregu ori ondo artzazu,
gaztea, nere partetik;
biok txit ondo bizi giņezke
lurrak ematen duanetik;
baserria ez nuke
emango ezeren truke;
nik maite det biotzetik;
guraso onak guri utziak
ez du merezi besterik.
10
Orain amaboste urte il ziran,
neri utzirik guziya,
ganadu-talde bikaņarekin
etxe, zelai ta mendiya;
ni saiatu naiz bertan
emen urte oietan;!
gaur daukat ondo jarriya
kupira gabe bizi giņezke,
izan-arren familiya.
11
Gazte maitea: esan-ondoren
nik nere pasadizua,
nere barrena lasaitutzen da;
len zegon naigabetua;
ni bizi naiz bakarrik,
gurasoak joanik...
opa diotet zerua;
bizi izaten erakusteko
ona izan det mundua.
12
Goiz-illuntzetan pin jarduten naiz
egunero otoitzean,
zeruetako laguntzarekin
jartzen naizen suertean;
gaur sasoya egonik,
gero ez da gauz onik;
naiz laguntza bearrean,
bakarrik, ez dezadan ikusi
nere burua zartzean.