Urte zaharretik barrira, zer?
Enbeita, Balendin
Urte zaharra izan da
Askoren mingarri
Sendi askorentzako
Malkozko iturri,
Urte zaharra joan da
Heldu da Urteberri
Baina eskuak hutsik
Ez bedi etorri
Gorrotoak kendu, ta
Bakea ekarri.
Berriz be txiroentzat
Kontua ugari,
Eta beti bezela
Indarra agintari,
Bitarteko maltzurrak
Hoien zerbitzari,
Txikiak atzipetu
Lagun goikoari,
Niretzat biak dira
Berdin pekatari.
Errudunak hor dabiltz
Maltzur ta ixilak
Gudarako zabaltzen
Kainoi ta fusilak,
Hoiek gutxi direla
Bonba ta misilak,
Milakaz erru bako
Zauritu ta hilak,
Eta lutuz dantzari
Herriko ezkilak.
Izatez txiki baina
Haundi guran amez,
Goian hegatu gura
«Arranoen» lumez,
Herriak gerran jarri
Bakearen ordez,
Naiz ta oker jokatu
Kontzentzirikani ez,
Eskuak beti garbi
Agertuten dabez.
Jauntxoak ez badira
Kontzentzian jarten
Eta gerrako tresnak
Ogi biurtuten,
Herri menperatuen
Kateak kenduten,
Bakoitzari berea
On bidez emoten
Zaila da be indarrez
Bakea egiten.
Indarragaz bakea
Egin nahi badabe
Beste bide berri bat
Hartzea da hobe,
Maitasunez jokatu.
Kainoiaren orde,
Txiroari lagundu
Zalantzarik gabe,
Gura badugu izan
Bakearen jabe.
|