Agoten hizkuntza
Davant-Iratzabal, Jon Luis
1-
Ulertu nahi nuke zer gatik ote den
Euskara gure baitan aspalditik azken.
Erdi Aroan ere segurki hala zen,
Hor jakile baitugu Etxepare Mosen.
2-
Latinaren semea ez baihintzan haute
Luzaz herrestan utzi, estimurik gabe.
Eliz atean dirauk, oi hizkuntz arlote,
Laguntzale dukala zenbait sazerdote.
3-
Garaziko Bernatek goihen erronkara
Iragan nahi zuen Baskoen hizkera
Leizarraga't Axular heldurik hartara,
Herri nausi batena genaukan euskara.
4-
Latintzaleen eritziz, hauk ere bastartak,
Aleman eta engles nazionen hizkuntzak,
Berpizkunde Aroan uruski landuak,
Beren erresumetan dire askatuak.
5-
Euskaraz egiteko nazio baten altxor,
Guk ere ukan dugu erresuma bat hor.
Goi Nafartarrak baizik horren zaintzeko nor
Ez ginen eta orain ez gara gu nehor!
6-
Gu nehor ezbagara, gure jaunak ezer!
Horientzat euskara ez bait aski eder
Bi sosen, truk/hari "thu", erdarari elder:
Berriz agota dugu, jaunkillotei esker.
7-
Gure hizkuntz'agota behar dugu landu,
Lumaz eta makilaz plazan beti zaindu,
Gutarteko arrotza bihotzez bigundu,
Hiri eta herrixkak gogoz euskaldundu.
8-
Martiren hegaletan gure mezulari,
Jakintsunekin berriz euskara hi goiti.
Herritarrok, ez dugun herabez jagoiti
Mihingainetarik utz, plazan eskelari.
9-
Herri baten arima, gure hats gorena
Baserrien deiadar poeten auhena,
Gazterien irrintzi, langileen kemena,
Gal bahendi, euskara, gure hasperena!
10-
Hil baledi euskara, Herri hau laite hil.
Euskaraz, Euskaldunok, ez gaitezen ixil!
Langile, laborari, Herri osoa bil,
Euskaraz dugun egin iraultza borobil!