Eta zorabiatuko zara
Bittor
Eta zorabiatuko zara
Eta negar egingo duzu
Eta mantapean izkutatuko zara
gauetako logale ezean
...negar geza...
Eta goizetako argi haustean
amaigabeko iluntasunean
erori uste izango duzu
...negar gazi...
Eta zure izate osoa
goragale bortitzetan
inork, aurki ez dezan deserrira
egotzi nahiko duzu
...negar mikatz...
Eta ezingo duzu
pauso bat bera ere eman
oinez ibiltzen irakatsi zizunaren izena
hamaika bider madarikatu gabe
...negar garratz...
Eta gor bilakatuko zara;
bizi oso irudituko zaizkizun egunetan
ez duzu sikira
zure hatsaren doinurik
entzuteko kemenik izango
...negar mingots...
Eta hondorik gabeko leizean amiltzean
zurekin eramango dituzu
eutsi izan zaituzten
belar ahul guztiak
...negar min...
Eta indar ezean
etsi nahi izango duzu
ezer salbatu nahian
eta ezingo duzu
...negar minbera...
Eta momentuero nahi izango duzu
geroago, bihar, izan dadin
eta unetik unerako une guztiak
galduko dituzu
...negar ixil...
Eta zorigaiztoz
ni aterako naiz galeran
zure sena
oinazez eta minez
erdituko duzun bidean