[Bertsotan]
Beitia - Letona
Beitia
Margolaria etorri zera
une honetan honuntza,
jakin nahi nuke zu zerk ein zaitun
gauza horretara bultza,
nere gorputzai zuk begituta
orain behetik goruntza,
seguru nago zuk ez dezula
hori bilatuko hutsa.
Letona
Neska eder bat da rubia hauxe
ta gainera «modelua»,
berau aurrean hartu eta nik
egin nahi nuke margua,
eztabaidatan hemen gabiltza
egin ezinik tratua,
hankak arinak daduzka baina
burua arinagua.
Beitia
Ezin nezake ondo konpondu
ni margolari honekin,
hau azaldu zait ni pintatzeko
holako aitzakiakin,
baina abildade haundirikan
honek ez du pintzelakin,
xirri egiten hobeto daki
bere esku zakarrekin.
Letona
Neska nahi nuke nik gaur zurekin
tratu on bat egitia,
zu bikinian jarri ta gero
margo eder bat eitia,
espozizioa eraman da
han kuadro bai jartzia,
ta horren truke emango dizut
bi hilabeteko saria.
Beitia
Bi hilabeteko saria zuk
neri agindu kolpetik,
horrelakon bat zeukazula
pentsatzen nuen aurretik,
nahi badezu margotu idazu
neri ipurdi ta titi,
baina formalidade piska bat
gastatu behar da beti.
Letona
Neska eder honek jarriak dizkit
neri hamaika endrero,
inola tratuik egin ezin da
hortxen nabil egunero,
sasoi onean nola dagoen
ta gorputza dauka bero,
eskua zuri ipiniko'izut
margua egin da ero.