Udaberria
Azpiri
I
Udaberrian sorrera,
neguaren amaiera,
nai genduan etorrera;
aldatu dira eguzkiaren
irteera ta sarrera,
beroarekin batera,
bizi berri bat aurrera,
giro aldatze lurrera.
II
Larre berriak ugari,
aberentzako janari,
Udaberria nabari;
nekez estaldu ziran ardiak
oraindik daude ernari;
abelgorri, moxal, aari,
izadiaren opari,
zeru ber-bera dirudi.
III
Zugaitz goiztarrak loratzen,
osto berriak zabaltzen,
jantzi zuriez estaltzen;
txoriño arrak kantu gozotan
euren maiteari deitzen;
ortxe dabiltzaz olgatzen
leku bereziak artzen,
ume-min dira aurkitzen.
IV
Oian ixilla alaitzen,
mezu berria zabaltzen,
Kuku asi da kantatzen;
Enara ere ikusi degu
kabi zarrera itzultzen,
erleak lore dastatzen,
egun guztian alatzen,
urteko jana ornitzen.
V
Ipar aizeak urrundu,
otz zeuden urak epeldu,
arraiña nun-nai azaldu;
itxas barean arrantzaleak
lanean zintzo diardu,
negu gogorra egin du,
gorderik zeukana jan du,
orain kitutu bear du.
VI
Buztarriakin goldatzen,
lo zeuden lurrak iraultzen,
gauzak egoki apaintzen;
nekazaria ereintzan dabil
azia nun-nai edatzen,
lan gogorrean nekatzen
geroko uztaz pentsatzen,
ala ere dago gozatzen.
VII
Gauzak berritzen asteak,
soiñ-aldaturik gazteak,
len etzituzten usteak;
leen maitasun gozotan dabiltz
amesez bete-beteak,
ume denpora joateak,
ekarri giro obeak,
umotu diran loreak!
VIII
Eguzkiaren indarrez,
zugaztiak jantzi lorez,
len goibel zeudenak ames;
erriko leku guztiak bete
dira guraso ta aurrez,
zar-gaixoak irriparrez,
eriak itxaropenez,
kaleratzeko oiranez.
IX
Negu erropak erantzi,
egokiagoak jantzi,
ba-dute zer erakutsi;
garaian dauden gazteak ezin
barne bultzadari eutsi;
itxas-ertzetara jeitsi,
gorputzak ondo igortzi,
naiz bestek begiz irentsi.
X
Erri, itxaso, mendiak,
zelai, zugaitz, loradiak,
aldatu Udaberriak;
kalean pozik dabiltz umeak,
pozik zar eta eriak,
gozatzen arrantzaliak,
amesti nekazariak,
zorionean guztiak.
|