Basarri'ri
Azpiri
I
Zer gauza milla dan neretzako
Zutzaz zerbait esatea,
Zuri dizudan itzal guztia
Bertso bidez ematea.
Errezago da iñok eginda
Norberak irakurtea,
Obe izango litzaidake, bai;
Lan au utzita joatea,
Baiña biotzak beartutzan nau
Aurrera eramatea.
II
Zorioneko Granada erreka
Basetxe bedeinkatua,
Zu, Iñazio, munduratzeko
Jainkoak aukeratua;
Ala bearrez ume ziñala
Sor-lekutik aldatua;
Zarautz eder ortan izanik
Beso zabalik artua,
Geroztik erri ortantxe dezu
Izatea sustraitua.
III
Zarautz ortan zuen egoitza
Izandu zan azken portu:
Euskaldun giro benetakoa
Zuk antxe zenduan lortu.
Zenbat kantu zar entzun zenitun
Guztiak gogoan artu:
Gazte ziñala bertso Iturri
Aundi bat zugan zan portu,
Berdin gabeko Iturri garbi
Iñoiz ez dana agortu!
IV
Gazte aroan nabaiturikan
Aberriaren Iparra,
Gure izkuntza izandu bai-zan
Zuk bazka zenduan larra.
Bizi guztian euskerarentzat
Jarririk zure indarra;
Gizon batzuek eginagatik
Zuri iseka ta farra,
Alde danetan goratu dezuz
Jainkoa ta Lagi Zarra.
V
Bizi guztian ibili zera
Gure izkuntza egiñez,
Euskerarentzat izandu dezun
Maitasunak eragiñez.
Amaika aldiz aurkitu arren
Egia esan eziñez,
Zenbat une txar irentsi dezuz
Zeure lanaren ordaiñez,
Naiz eta etsai amorratuak
Zuk aiña euskera jakiñ ez.
VI
Bertsolaritza lengo tokitik
Zuk egin zendun aldatu,
Sagardo Upel artetik kenduz
Antzokitara goratu.
Aldi artako giro garratza
Bertso legunez gozatu:
Sasi artean zegon euskera
Eroapenez jorratu,
Gazte arotik asi ta beti
Gizonki dezu jokatu.
VII
Bertso kantuan gelditu gabe
Uri ta baserrietan,
Euskera ona erabiliaz
joaten ziñan tokietan,
Zenbat biotz miñ lasaitu dezuz
Aapaldi ederretan.
Iñoiz ez degu itz txar bat ere
Aurkitu zure itzetan,
Gure izkuntza maite degunok
Zurekin gaude zorretan!
VIII
Guda ankerrak arrapaturik
Adiñik ederrenean,
Gogo guztia ipini zendun
Aberriaren onean.
Baiña etsaiak nola zeukaten
Indarra goi ta lurrean,
Lepoa galdu baiño lenago
Franco zaleen menpean,
Egun batean azaldu ziñan
Mugaren beste aldean.
IX
Urteak joanik itzuli ziñan
Berriro zure kabira,
Utzi zenitun senide gaixo
Ta lagun zarren tokira.
Denpora eldu zitzaizunean
Bertso kantuan errira,
Edo bestela baserritarrak
Alaitutzera mendira:
Urte aietan ez zan erreza
Irtetzen plaza erdira.
X
Zenbat urtetan bertsolaritzan
Ta etzaude nekatuta!
Zuk egindako lanen emaitza
gaur daukagu loratuta.
Bertso giroa jarri diguzu
Itz jatorrez apainduta;
Bertsolaria gizon bezala
Duintasunez goratuta:
Zure izena geldituko da
Betiko illezkortuta.