Abe zarrari malko ale bi
Artola, Ramon
¡O! abe santu maitagarriya
arbola bedeinkatuba,
ikusten nago nola bukatu
eziñez zauden munduba;
bada azkendu eta jaunari
eman bañan len kontuba,
zure oñean naidet kantatu
nere penaren kantuba.
Biotz tristetik nai arren ezin
kanturik ongi nik egin,
nere gogoak albait ezluke
nai iñorekin utsegin;
atozte bada musak nigana,
eman dezadan atsegin,
erakustera nola kantatu
nola bietan itzegin.
Agurtzen zaitut arbol maitatu
jaunak guretzat jarriya,
gure begien gordetzallea
gure erliki aundiya;
zu izanikan lur maite onen
glorien agergarriya,
zure galeraz lutuz janzitzen
ari da Euskal-erriya.
Zain sendo fiñak eri dauzkatzu
indarrik gabe besoak,
amilka datoz lege santubak
beso oiekin jasoak;
penaz anima negarti para
diratelako auzoak,
zure oñean naiditut eman
malko ale bi gozoak.
Len miñez jartzen baziñan iñoiz
sendagai onak baziran,
zeuzkazun gaitza zugandik kentzen
gogoz saiatzen baitziran;
ala zure zaiñ sendo fiñ aiek
indar gabetzen etziran,
¡bañan! orduko gauzak joan ziran
¡¡lengo gizonak il ziran!!
Etzan izandu Erromatarrik,
Godo, Kartago, Mororik,
zure lurrean nai eran oñik
para izandu zubenik;
zaint-zalle onak zituzulako
zu beti sendo egonik,
etzuben iñork bereganatu
frutu zurekin zegoanik.
Etzan arbol bat gai obekorik
ez Europan ez Asiyan,
ez Afrikan ta ez Amerikan
itz batez mundu guzyan;
fortunosoak izan oiziran
jaioak zure azpiyan,
zeñak bizitzen ziran libreak
Jaungoikoaren graziyan.
Asaba zarrak egiñikako
disdisten zuten legeak,
zuk iruki oi zituzun, kutun
bat beselaren gordeak;
zure azpiyan buruztalirik
principe ta erregeak,
onzat ematen baitzizkitzuten
zeuzkatzun libertadeak.
Atzo ikusten ziran kontubak
oso emanik gaur jira,
kristal belzetik arkitzen gera
arbola zuri begira;
¿non dira lengo gauza on aiek
¿zer egin dute? ¿non dira?
gure begien aurretik gorde
ziran, ageri ezdira.
¿Non dira gure asaba zarrak
pozez jachiyak lurpera?
¿otedakite zizkigutenik
poz zori onak atera?
baldin jaikiko balirake gaur
arbola zure oñera,
maldizion bat bota bearrak
lirake gure gañera.
Gauzak gai ontan ikusirikan
¿non dira gure begiyak?
biotza penaz urturikan ez
kentzeko malko lodiyak?
¡amil zeitezte arkaitz tontorrak
¡eror zeitezte mendiyak!
zeuren azpiyan obiratzeko
dauden naigabe aundiyak.
Ezin emandet kantu geiako
negarrez busti zait lira,
arbolagatik senti ditudan
penak chit aundiyak dira;
biotzetikan kantatu ditut
Jaungoikoari begira,
arren entzunik jira deizkigun
poz onak Euskal-errira.