Nere adiskide laztan on Jose Manterola zanaren andre Eloisa alargun atsekabetuari
Arrese ta Beitia, Felipe
Damuz gau eta egun ¡O gaur andre Eloisa!
Bizi zerala dakit, lutoz estalirik,
¡Ez aldakizu bañan, denok bear degula,
Iges beste mundura noizbaiten emendik?
Ezagutzen det ongi, dela oso tristea,
Zu zeraden antzera alargundutzea,
Ezagutzen detala, diotsut berriz ere,
Zure senarra lako bat zer dan gaitzea.
Ezagutzen det ¡a bai! dezula gai naikoa,
Dezula suerte bat bizitzeko triste,
Ezagutzen det zure sonar onak arinbat
Zerorren amak ere etzaitula maite.
Ezagutzen det iñork, ez dizula kenduko
Bizi zeran artean bere oroipena,
Dazaut biotz orretan daukazula zauri bat,
Ill arte gordinkiro iraungo dizuna.
Bakarrik al dezake pena ori arindu,
Bakarrik barren ori gauza batek poztu,
Bakarrik ark ditzake munduko lazeriak,
Bakarrik pena oiek ondoen gozotu.
Bakarrik esango det, bakarrik bera dala,
Bakarrik alargun ta ume zurtzen poza,
Bakarrik zeñek biotz estu estu dagona
Zizpuru egiñ arren jarten duen lasa.
Bakarrik degu bada, zuk dakizun bezela,
Pozgarririk onena daukagun Fedea,
Gañera berarekin batera biotzean
Zerura igotzeko daukagun ustea.
Bakarrik anchen bada, berriz bilduko gera,
Gure guraso, senar, seme alabakin,
Bakar bakarrik anchen, berriro ez illtzeko
Bizi egingo gera beti elkarrekin.
Bañan ara baño len, emenchen bear degu
Lendabiziko bian emenchen penatu,
Emenchen bear degu, emen emen lurrean,
Eriotza larria iretsi ta artu.
Santuak ere zuten malla onetatikan
Pasa ta egan egiñ Zeru ederrera,
Gure Jesus maiteak, bere Ama laztanak,
Orobat artu zuten tragua berbera.
Alasen egunen bat izango da guretzat,
Etorriko zaiguna erio garratza,
Koiraña zorrotzakin lapur bat bezelasen
Kendutzera betiko bizi ta asnasa.
Bañan ez da ajola, betor nai duenean,
Betor, erasotzera amorru bizian,
Ez dio ez ardura, Jaunarekin bagaude
Garbi ta adiskide gu kontzientzian.
Betor, eldu bezaigu, azpiratu gaitzala,
Bere atzapar zorrotz orpe luzeakiñ,
Bañan bere garaitza bakarrik izango da,
Soillik gure gorpazeko erbal illkorrakiñ.
Zergatikan anima, ezin dezakean ill,
Dalako ezillkor ta beti betikoa,
Nork ona baldin bada dankan zeru eder bat,
Eta anchen bizitza zorionekoa.
¡Eloisa! zure Pepe, ere ona zalako,
Igo zuen Zerura beraren animak
Aingeruak bezela arase ega zuen,
Gozatzera betiko ¡o zer atsegiñak!
..................................
¡Kuraitu zaitez arren, kemen artu Eloisa!
Alaitu eta epe piskacho bat artu,
Nekeetan oi ditugu lorerik bikañenak,
Frutarik gozoenak Zerurako bildu.
Laster iragoko da erbeste onetako
Denbora labur eta naigabez betea,
Etzuen Jaungoikoak guretzako ez egin
Orain arkitzen geran mundu añ tristea.
Beste toki bat degu guretzako egiña.
Nun ez dan iñoiz ere egunik illuntzen,
Beti negurik gabe, beti beti egazkiz,
Beti uda berria anchen da aurkitzen.
Beti soñu gozoa, beti aingeru-kanak,
Negarrak an ez dute zer ikusirikan.
Iñork ez daki zer dan pena ta naigabea,
Zeren an ezdagoan penen usairikan,
Eta atsegiñezko ichaso zabal artan,
Igarian ikusten det zure senarra,
Nundik aditzen dizun, nundik zuri entzuten,
Zotin zizpuru eta auen ta negarra.
Andikan, bai; Eloisa, lagun egiten dizu,
Jaunari esliatuaz dizula grazia,
Onez eramateko lurreko naigabeak
Gero goza dezazun Zeruko gloria.