inprimatu
Poemak
Izenburua:
Poemak
Sinadura:
Txema Ibarrategi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Ibarrategi, Txema

Argitalpena:
Ttu-ttuá.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
0,4.zk.
Orrialdea:
31

Poemak

 

Txema Ibarrategi

 

                                                                         (EVAri)

 

 Hego bustien begiradapean,

 azukrearen sustraietan astia galdu duzu,

 bidenabar, adina ere itzuria zaizu, goxoki,

 jesarrita dirauzu,

 ihintza malko mamiez elikatuz,

 eskuetan hotza inozenteki makurtarazteko,

 ez baitzara gai oraindik,

 egunen urratsak zure soinetatik desbideratzeko,

 horregatik,

 denbora ezak

 ferekez izkiriatzen dugunon

 paper bihurtu zaitu;

 lotan jarraitzeko eskubidea duzu.

 

 Ziutatean euria karrikaren erdira azaltzen da

 fruita berria lehengokoz dakusaten umeen zolitasunaz,

 herrian euria albo alboka hurbildu ohi da

 abereak ohiltzez berari leporatu diotelako.

 

 Agian ez naiz sekula

 enperatorea izan

 eta soinean daramatzadan piramide suntsituak

 eguzkiaren itzalean geratu ziren hosto komikoak

 besterik ez dira.

 

 Saloiaren itzelean

 urratsak erlats, ekiaren karratura,

 argi espetxeratua, eta

 irudien oihartzuna hegaz,

 soen maria oldartsua goratu nahiz

 geratu nahiz,

 ez bait nehoren begirada pausatzen

 deuseztu diren

 musu ozenetan,

 saloia betetzen duten

 hotzezko losinetan;

 handiegiak dira, izan ere,

 zure bihotzera heltzeko

 zeharkatu behar diren gelak.

 

 Hainbat albiste zutabeetan izkiriatua,

 hainbat zutabe denbora ezari eutsi ezinka

 eta hainbat bider ebaki dituzu beso

 eta burua, zutabe bilakatu guran edo, ustekabean,

 memorairen jabeei ukatzen zaien lanbroak gogor zaitzan,

 argi hezearen konplizitateaz,

 bihotz leitu guztien dardara jasaiteraino,

 edozein udaberri fiktizioren apaletan;

 gaur azkenik zure ospera makurtu dira,

 zeu izendatu zaituzte eguna zabaltzeko arduraduna,

 gaurdanik zarela, begi arrotzen egunsentia,

 gaur arte, ostera, egunsenti arrotzen begiralea,

 hainbat esaldi zutabeetan izkiriaturen dira...

 

 Mina estaltzen ez dizun adatsera

 ixuri gura ditut, nigarra, biraoak eta deusezaren kea,

 usainaren buztina soma dakizun,

 eskulanen usain zugan hez dadin,

 fereka zurtzekin batera kiribilduz.

 Haur jostailua bilakatzeko bidean zarelako

 zugan kulunkatuko den lehena

 izateko bidean naiz,

 eta mina estaltzen ez dizun adatsari

 goizez asmaturiko gauak lotuko dizkiot

 planeta urratuen imajinazioaz kutsa zaitezen;

 haize kirruaren eleak

 mina delako horren mugak

 ozenki sala ditzan,

 adatsaren eromena izpilu zolien

 elikagai dela frogatzeko,

 igorri behar dizut ene mina

 adatsez gordetzera,

 likoreak apalegiak baitira.

 

 


inprimatu