Agur, Koldo
Erkiaga, Eusebio
Hegadarik luzeena
eginbarri dozu, ene Mitxelena.
Aberri ta atzerri,
mendi ta kartzela,
ikasle urduri,
irakasleetan ez azkena.
Ezinegonak erabili zaitu
haizeak ainara bezela.
Ilunaren ehunak
adierazo deutsuz sarri
esku gogorrez
argitasunik bagako
egunak eta gauak.
Ez dozu zeharo urrundu
besteen eskertxarreko saminik.
Oinetan berunaren astuna
gogoaren akuilu zorrozpean
gataska betean
lan luzeen garaipena lortu ezinik.
Hor aipatu zeuskun
Unamunoren zalantzazko ezbai grina
ta «Orixe»ren lipizta ernamina.
Baina suhar zeu ere
bitzuok adina.
Horreen itsaserdian
zeunkan zuk ontzia,
ipar eta hego
lemazain ernaia,
hainbat izkuturen argia
nondik bilatuko.
Zidor eta zador
altxor zaharra
dirdiratsu jarri beharra.
Maite zenduan prosa,
zure ezti barririk
ezin daikegu goza:
non dira zure memoriak?
Paperik ez al dozu izan
ala orduen uneak murritzegiak?
Txotxabarretan ibili beharko
jasoko zenduan etxerako,
gaiak biltzen noraezean.
Aspaldiko adiskide,
gogoan dot behinola
Salamancan egon ginala
mahaiaren inguru,
bazkari baketsuan gure bihotza ta gibela.
Ta orain barriro dantzut
-nik bai, zuk ez-
mendiko negarra.
Zerutiko manaz ments gabiltz,
areago bai dogu hasarre sagarra.