Egin ezpahitu nire nahia
Aresti, G.
Baldin gure egunon iraungiteon
etsaieri ezpadrauegu egin on,
arerioekin ezpagaude egon
kito, ezkarate herioz adinon.
Barka gaitzak gure zorrez; gure semer
barka gaitzatek. Eztadila ezer
gera hobenetik: hau dugu aloger
oinhazeak gaitik... ernari halaber.
Zer kausituko dugu lur gibelean?
Zer aurkituko dugu haren hotzean?
Zer dateke geldirik ilhunenean?
eri, hil, ehortz, ustel gaitezenean?
Neurtzen duan neurriaz haizate neurtu.
Lotzen duan kateaz haizate lotu.
Maite duan haurrak ezuke debeiu.
Hautsirik taketa eztukek makulu.
Ahantz dezakegu eraman duguna:
mingots lakar zena orain da biguna:
indartsutu zalhuin, erbala zurruna.
Orain badugu gure primutasuna!
Baotedut orain leheneko minik?
Galtzedunek eztukete gudakinik.
Atsedenean nihoiz eztago grinik.
Arztoek eztute iaten moredinik.
Eta gure egunen izagitean,
basatzatik, kiratstatik garenean
irten ilki; pitz, itzar gaitezenean
Iainkoaren ulerrezko egotean,
hartuko dugu betiko sosegua,
gure izanen da begiratugua,
eztira izanen ura eta sua.
Izanen naizate benedikatua!
Eskatzen gatzaizkio Iaungoikoari
bitartean lizakigun aintzindari,
lemakigun iragateko bidari.
Uda eta negu gara eske hari.
Goizetik lanean abiatu dena
baizen eztate kitatuko: lehena
da lehen hasi dena, eta harena
izanen da ordaintzerik gehiena.
Menditiko minzaldia zen bukatu
-Iesusen hitz oro etziren izkribu-
berbaokin: «Igurikitzen ausartu
eztutenak betiko dira dohatsu».
Eta odoltearen oihal gorriak
Moskauko karriketan ziren ilkiak.
«Erhatzu, erhatzu deungeak, gaizkiak:
bizi bite guti, baina hautetsiak!».
Anhitz dugu deitu, hautatu gutixe.
Zertarakotz egin duzu horrenberze?
Erban itzazu higuindutakoak, leze
iratutzailetan eztitezen erre.
Ustel, kirats nadinean, Ugazaba, egik
Argia eztakidala itzalirik.
Iaikiko naiza nire katabutatik?
Barka gaitzak heure Bihotz beragaitik!