Hiru poema
Juaristi, Felipe
I
Inork ez du bere baitarik
ihes egiten,
gure mundua da gugandik aldegiten duena,
inkonstziente kolektiboa den
Atlantida ahantzi horren bila.
Horregatik maitatzen zaitudanean
ez zaitut Troyako Helena, Juliette Greco
zarela imajinatzen.
Beharbada, iraganera itzuliaren itzuliaz
Adan zena izaten amaituko dut
sagarrondo loretsuaren azpian,
edo Sortzaileak hartutako lohia
-sentitzen dut lur usaina-
edo bera zena izaten.
-Beldur zaitez Enpedokles.
Oraingoan Etnak ez du zure sandalia
higatua jaurtiko-.
II
Beduino bidaiariek galtzen dira batzutan
harea monotonoaren bakardade artean
eta oasi berderako itzulibidea aurkitu ezean
desertua emakumea dela pentsatzen dute,
biak laberintiko, misteriosoak,
egunero itxuraz aldatzen bait dira;
Simunak aurreko bidaztienak bezala
haiek ere laztan aztarnak ezabaturik.
Gau itzala abailtzen denean,
oinak esploratzaile gisan,
ferekatzen dute espazio estrainoa,
ahoak bilatzen ditu
inmensidade azpian hondar lorezko ezpainak,
esku dardatiek dunak errekorritzen dituzte,
bular menditsuak balira bezala.
Goizak harrapatzen ditu lurrari maitasuna egiten
muino berri baten aldean.
III
Negar egin Ulises, Laertesen fruitua,
heliotropoak hazi, eztia oparo isuri,
izurdia jostatzen den, buruxka horitua
dagoen irla ez zaizu itxoiten ari.
Haizea lagunak, goizeko zefiroak,
ez du matrail gorrizko untzia zuzendu gura
Calipso kontsolagarri, maitale amoltsuak,
uhin deslaiak eskuratzen dituen portura.
Haren koralezko adatsa, marmolezko hortzak,
musuak oldarka moldatzen zituztenak
ez dituzu sentituko; zuen bion gorputzak
ez ditu margotuko egun eguzkidunak.
Burua lili zuriz, astro erorien bitsaz
zurituko da eta Penelope gozoa,
Inmortalek oparitutako argiaz
eta anbrosiaz egina, Corintoko ardoa
baino zaporetsu, sentsualagoak ibaiak
ikusiko ditu arpegi arrailduan
zehar, pintatzailearen marra hautsiak
bailiran, linburtzen azal plegatu nekatuan.
Ez du zure beso sendo, gotor, indartsuak
gari ogiaz elikatzen ez den zikloperik
itsutuko, Ilioneko harri harroak
suntsituko; ez du izango ez bake ez gerrarik.
Negar egin Ulises, Olinpikoen kuttuna,
ez dizu Sirenen ahots zuriak zuri
zentzua nahastuko; Medusaren gardentasunak
lagunduko. Ez zaizu itsasoa itxoiten ari.