Zatoz
Otsalar
Denok gara nekatuak,
denok,
kanta urratu horrekin.
Baina zure ta nere
gure
zorionak ez du mugarik
libertate haizeeri aterik
irikitzen ez zaion artean.
Oinaze minaren kantak
beti
persegituko gaitu zu ta ni ta
guziok
oro, tristeziak hatzemanik.
Munduko izakera, beltza eta
tristea denez.
Zer dela uste bizitza bat?
Seigarren sentituaren mututasunean
ez zait ezer nabari.
Nere zentzugabetasuna
oso handia da,
edozein aberek,
edozein landarek
konprenitzen duen
arrazoi xinplearekin jabetzeko.
Deusik ere ez dakit bizi
beharrez. Eta ogia eta
libertatea beharrezkoak
ditut iraun ahal izateko.
Edozein aberek,
edozein landarek
bezala nik ere,
guk ere, bizitza
bizi ahal izateko.
Eskuz-esku,
besoz-beso
urratuko ditugu
bide berriak
oihaneko
gogo zaharretik
hornituaz.
Gogoaren muina
izanaren iturburutik
jasoaz, mundu zabalari
aurrez-aurre:
"soiña zaar,
berri gogoa;
... muin betirakoa".
Minezko kanta zaharra
amaituko da zure ta nere
ezpainetan,
eta ez ordea gure herkideenetan.
Iraungo du muinez kideko
direnen artean. Iraungo du...
amodiozko kanta erroz
sustraitu artean alor helkorrean.
Larraka, luberri hezez
bihurtzean jarririk esperantza.
Iluntzi gorrizko
udagoieneko
arrats
hura
Itxaropenezko bide berrira:
zorionekoa izan bedi.
"Arrats gorrl, eguraldi",
landare
berrien
ongarri.
Minezko kanta
amoriozko baita.
Bide landuak utziaz
ekin kemenez berriari.
Zatoz, adiskide;
zatoz, anaia
alor helkorren bidetik
eskuz-esku,
besoz-beso,
maitasunean
besarkaturik
inoiz ilunduko
ez den egun
sentiruntza.