Itxaropenezko bide barrira
Markue
Miñezko kantua amodiozko kantuan
Biurtzeko,
Ezteukat bildurrik
Neure burua ukatu
Ta bertanbera itxiteko atzoko bideari.
Badakit.
Bai, badakit
Gogorra izango dana.
Gogorra?... Eta nork daki?...
Aldabenaren
Laguntasunagaz
Atx-tontorrak be zelai biurtzen dira sarritan.
Eskeko egingo dodaz neure eskuak
Buru-biotzen morroi
Alguztidunaren aurrean.
Eta,
Bere kerizpea
Eskatuz,
Beragan itxarongo dot
Eta aurrera jarraitu beti,
Bertanbera betiko itxitako bideruntz
Atzerantza
Barriro begiratu barik.
Bizitza barriko bide latzetan
Ankapietatik odola dariola joango naz,
Aurrerantza,
Aurrerantza beti,
Atzeruntza begiratu barik,
Konturatu barik,
Egillearen Egian
Sinistuaz,
Txoriak egan egiten dauban moduan.
Eta
Txori askatuaren
Kantuan,
Kantauko dot:
«Maitasunez
Maitatuko dodaz
Bizitzakin batera emon zeustazan Aginduak».
Eta gero,
Iñoiz be illuntzen ez dan eguneko
Egunsentian,
Ixiltasunezko paraje zelaira
Joaten naizenian,
Errukarri
Ta Parkamenez
Artu nagizu,
Maitasunez Zugan Sinistu ta Itxaron egin dodalaka.