Tristurazko madrigala
Baudelaire, Charles
Zu zurra izateak, zer dit ardura?
Zaitez eder ta triste! Aurpegian
Negarrak jarten du bere lillura:
Zelaian errekak uzten duen hura.
Loreak gaztetzen dira eurian.
Pozak ihes egiten dizunean
Bekoki lurra-jotik, zaitut maite;
Bihotza izuan itotzen denean,
Ta zure orainera datorrenean
Lehen-aldiko hodei beltz huraxe.
Ta begitik botatzen duzunean
Ur hori odola bezain beroa;
Nire eskuak jarri-arren soinean,
Tristura astunak zaurtzen zaitu'nean,
Hilten denaren orroa lakoa.
Hartzen ditut, jainkozko gurariak!
Himnu xarmangarria sakonean!
Zure ugatzeko suspirio guztiak;
Sinets 'zazu, malko diren bitxiak
Argitzen zaizkitzula bihotzean.
Amorio sustrai-gabeak hola
Oka eginda gero, zure bihotza
Zuzien antzean argitzen dela
Badakit, 'ta eztarri-pean duzula
Giza-galduen harrotasun hotza;
Baina, maitea, zure ametsetan
Infernua ikusten duzun arte,
Ta kantsaziozko ametskaitzetan
Pozoekin 'ta gerrekin pentsetan,
Errautsez 'ta burdinarekin bete.
Bildurrez bakoitzari edekitzen,
Zoritxarra partitzen edonoizko,
Orduak jotzen du'nean murgiltzen,
Betiko Nazka kontenta-ezinaren
Lokarria eztuzu sentituko.
Ezingo duzu, bildurtasunean
Maite nauzu erregin mirabea,
Gauaren izugarritasunean,
Esan niri, zure deiadarrean
"Berdina zaitut, Errege neurea!"