Gabon afari bat
Azkue, Eusebio Maria
Gabon eguna da egun laburra
erlojuetan bakarrik;
eztot eukiten iluntzerako
belaun bietan indarrik.
Eta bat, eta bi, eta iru, eta lau
Ardaoak moskortuten dau.
Neure Maria dabil goizerik
intxaur-saltsea gietan:
iñor eztau nai subil-ondoan
egun guztian berbetan...
Eta bat, eta bi...
Zazpi ta erdiak emoten dituz
etxeko erloju txikerrak;
lezarten gara guztiok maian
Jaunari emoten eskerrak.
Eta bat, ea bi...
Zatituten dot ogi biguna,
eta lenengo kuskurra
sendotuteko da amurruturik
dagoan txakur adurra...
Eta bat, eta bi...
Lenengo dator orio-azea
ondo egosi ta bigunik;
eztago zeian aza ta lora
bere ideko lagunik.
Eta bat, eta bi...
Izan dogu lez Iaunari eskerrak
etxean ugari matsa,
betor txakolin pitxarkadea
ta aren urrengo lebatza...
Eta bat, eta bi...
Ekazu Txomin goiko baldati
txetxu bateko edontzia;
gabon dogu gaur etxeko andrea
eutsi lenengo zurruta.
Eta bat, eta bi...
Lebatza dago gozoa, baina
eztot ikusten ardaorik;
ezta euskaldunik egin deutsanik
Erriojari biraorik.
Eta bat, eta bi...
Edan, gazteak, txolindu-artean,
ez itxi ardaorik basuan;
gaur edozeinek itxi bear dau
garbi basua barruan.
Eta bat, eta bi...
Ekazu, Kontze, subil-ondoti
maira makallao-saltsea;
ian sendo neure maite maiteak,
errukia da galtzea.
Eta bat, eta bi...
Eztogu edaten gaur aparitan,
edan, maiteak, ugari;
gabon gaubean egon bear da
apaldu-ezkero kantari.
Eta bat, eta bi...
Jesus! Maritxu, ze besigua
orain dakazun errerik;
naiago neuke ia onezkero
maira ezpaletor besterik.
Eta bat, eta bi...
Ardao gitxi gaur emen edan da,
lau pitxarkada bakarrik;
eztogu egingo dantzarik gero
barruak lagundu barik.
Eta bat, eta bi...
Urra, Maria! Urra guztiok!
Au da-intxaur saltsa gozoa!
Urte guztian eztot nik euki
gaur baizen pozik gogoa...
Eta bat, eta bi...
Ea tragu bat, bai ta bi bere
edan, maitea, zia lez;
balitz sarritan gabon eguna,
bein baino urtean eztalez!
Eta bat, eta bi...
Bai ta egin deusku geure Mariak
kalea lapiko baten;
au da edaria gogorra barik
eztana gogoz edaten
Eta bat, eta bi...
Betor kopea bete beterik,
kafetara botateko bat,
beste bat gero neuk edateko
kafea artuta ostekotzat.
Eta bat, eta bi...
Nundi ekarri da neure eskatzera
orain bigarren argia?
Eztogu bear argia geiago
lengoa baino, Maria.
Eta bat, eta bi...
Dantzan asi iat orain eskatza,
eztogu bear besterik;
eztot ikusten ai ze barrea!
gazteak, oera biderik.
Eta bat, eta bi...
Zer da Maria? Eztakit zelan
gaur aurkituten nazan ni,
senar bakar bat len euki dozu
eta daukazuz orain bi.
Eta bat, eta bi...
Eskatu daigun, neure maiteak,
oera goiazan baino len,
batu gaizala Iaungoiko Iaunak
betiko zeruan. Amen.
Eta bi, eta iru, eta lau, eta bost
ardaoak moskorra, emon dost.