Undina
Mirande, Jon
Itxaso hurrunen harmonietan
uhinen alhaba jaio zinaden.
Geroztik zabiltza zure orhoitzan
izaro gardenak ezin eriden,
Eguerdi handiko iguzki-sapak
erre izaroak. Hegoialderantz
itxasneskek dantzan -zure ahizpak-
dihardute hantxe, bainan zuk ahantz...
Eta, dela hantxe zohardi thipil
uhin geldituen gainen, gauetan,
itxasneskak oro elkhar maitez bil
daitez leihorrerat, argizaritan.
Zuk ahizpen dantzak utzi dituzu,
irrikaz jin zara izotz-aldera:
elhur, iphar-haize, gaupe hedoitsu
hor dituzu... Gure ganat jin zara!
Geroztik zabiltza gure iphartar
itxaso hotzetan. Noizetik behin
beha zagozkigu, bihotzean har;
eta guk so'ginda ba zoaz arin,
Ontzitan jarraikiz gizon-ametsa...
...bainan alpherretan: ihes joan zoaz
et' itxaslariak, beldur itxesa,
itzull behar du arraun-indarraz.
Minetan daukazu giza-gogoa,
ainigma zarade ulhermenentzat.
Nor zara? Ala bethi gezurrezkoa?
Gogorapen, ala irudi soil bat?