Arrantzale gaxoa... (Amalaukoa)
Sagarzazu, Claudio
Negu beltz, illuna da... ta arrantzale artean
Orain ezin bizia, gose aundi ta otza.
Errian danak ixil... surik ez sukaldean,
Ta ume gaxoengatik amak itun biotza.
Itsasoa txar dago, guztiz asarratua...
Ta arrantzale azkarra ogia irabastera,
Ontzi txiki batean, indarka, nekatua,
An dijoa itsasora, arraia arrapatzera.
Ortzean odei beltzak, non-nai aize aundia...
Itsasoa borrokan asi da mendiakin,
Eta arrantzale onak orain galdu bizia...
Etxean, ama bere umetxo kutunekin
Aita maitearen zai, yateko ogi zuria;
¡Aita betiko datza urpean arraiakin!