Mariñel-erria
Mitxelena, Salbatore
«Boga, mariñela,
boga urrutira...
Bai Indietara,
bai Indietara».
Eskuetan arpoya
ta, soñean zira,
itxasoz jo dezagun
jo Ames-errira,
lur berririk agiri
ote-dan begira...
Ai urruti-miña!
gaitz senda-eziña;
bañan ala ere
ondo atsegiña!
Min izkutu orretxek
beti eragiña,
euskal-Kondaira doa
itxasoz aitziña.
Egonak pozik ez du.
Boga alegiña!
Mariñel-erria
da Euskalerria;
ta itxasoa, euskal-
-miñen ataria...
Legazpi ta Urdanetak
beren Goyerria;
Okendo ta Elkanok,
aldiz, Beterria;
itxasoz daramate
euskal-Edestia...
Entzun, mariñela,
entzun itxasotik
datorkizun deya,
lilluraz beterik:
-«Atozkit... Zure leyak
ez dute naikorik
nere ur zabaletan
bogatzean baizik.
Euskal urruti-miñak
aseko ditut nik!».
Zori obearen
atzetikan guazen,
biotzak nun dezan,
nun dezan atseden...
Lur ezaguna atzean
utzi ezkutatzen;
ugarte berriren bat
nunbait agerturen...
«Lurra! Lurra!» azaltzean
zer dan poz jakiñen.
«Zorion! Zorion!»
nai ba'dezu topo,
abia itxasora;
ibillian dago.
«Lurra! Lurra!» azaltzean
ez da an gelditzeko;
bat ezagun orduko
bestera abitzeko.
Lur guziak baño re
gaitz senda-eziña;
bañan alaere
ondo atsegiña!...
Min izkutu orretxek
beti eragiña,
Euskal-Kondaira doa
aitziña ta aitziña.
Egonak pozik ez du.
Boga alegiña!
|