Piamontekoak
Aranbarri, Iņigo
Distiratsua urkia atarian: Sutan
Zen zure adatsa lanbrotan.
Azken erle urdinak bildu eta
Torinoko trena zen iragan urruntasunean.
Argia da itzalen arimak gordetzen
Ohantze zaharretako gorrotoak barkatzen dituena
Irailetara doan trena bailitzan.
Oroimina sasi artean ezkutatu
Eta zozo eri bat ehizatu zuen.
Hegal azul batek gintuen estali arrastirian.
Leihotik begira nago: Kea dario
jardinari.
Gauaz, arnas ilunak
Fruitu urduriz elikaturiko izarak
jeloskor estaltzen dituelarik
Irrifarre bat dago zure kopan.
Arrotz bilakatu nau udazkenak.
Gorputz biluziak gogoraerazten dituzten zelaiak daude
Zelai akitu eta nagiak non
Heriotza imajina dezakegun ziudade batetan
Eta euritan apika egunero. Egunero.
Haur batek eskutua du kausitzen gereziondoaren pean
Lainoak agudo doaz.
Zein ote da gerlaria hil zeneko ziudadearen izena?
Zenbat ezpata ote dago oraindik hango horbeletan
Pentsioetako maitaleen erraietan ezkutuan
Harri beltz zelatarien legez
Hegazti ikaratuen hegoa seinalatzen?