Paris-Beuret
Mirande'tar Jon
Paris'ko kale batean
Etxe zikiņen arean
Bat dago zikiņagoa,
Iluntzen bai'dit gogoa
Aren aipatzeak berak,
An bertan dut lan egiten
Axotez beztuz paperak.
Seiak yo arte ezin erten
Aspertzen naiz, lor betean,
Büro zikintsu batean.
Nire lankide bikaņak
Ditut adixkide miņak;
Goizero agurtzen naute
...Ixillik, bai naute maite
...Nola debruak Yainkoa.
Ari dira, bele antzo
Koa, koa, koa, koa
Besten gatik gaizki mintzo:
Bizkor dituzte mingaņak,
Nere lankide bikaņak.
Goizian goizik yaiki-ta
Lanera noa... erresta...
Biotza yartzen zait makal
Salan sartzean aldikal
Entzuten ditudanean
Atso txar guziak oro
Besteen yorratzen lanean,
Aotik izuriz iro;
Ez dute uzten izketa
Goizean goizik asi-ta.
Büroko emakumeak,
Lodiak, orobat meak,
Danak dirade itsusi.
Nor-nai yoan leike igesi
Aiengandikan, al ba'lu...
Nik aiekin egon bear
Orrek dit egiten dolu
Orko ordu luzeak zear
Nik, eusko aitor-semeak!
Oi, debru emakumeak!!
Maiz zeruari so nago,
Naiz arek mindutzenago
Nauan, konturatu-ala
Or egon bear dudala.
Baņan, miņak uxatzeko,
Asten naiz idazten neurtitz,
Euskal-neurtitz eder asko,
Batzu ezti, batzu bortitz
Neuk dudan bezela gogo:
Seiak arte ortan nago.
Orrela, büro batean
Atso iztunen artean,
Pasatzen ditut orenak,
Pasatzen ditut egunak,
Iluntzen bai'dit gogoa
Aien aipatzeak berak.
Gero-ta zoroagoa,
Axotez beztuz paperak
Beuret'ko büro maitean
Paris'ko kale batean...
8-3-1951
|