inprimatu
Berraondo'ko Meza
Izenburua:
Berraondo'ko Meza
Sinadura:
Orixe
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Ormaetxea, Nikolas

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1950
Argitalpenaren urtea:
Alea:
3/4
Orrialdea:
5-6

 

Berraondo'ko meza

(«Dendari gazte» bezala)

Indart-Zuburu senhar emazteeri

 

Ormaetxear Nikola (Orixe)

 

 Berraondo'ko

 Elizaren ixaria,

 ez luze zabal,

 bainan biribil handia,

 erran nezake

 itsasoaren erdia,

 itsasoz urrun

 heldu denaren bidia.

 

           Erdi erdian

 balitza nehon erdirik,

 etchea dago

 mundu ororen ichilik.

 Ardi, bei, behor

 goizean daude etzanik;

 nere Mezara

 igarotzen naiz artetik.

 

           Ez da mendirik,

 ez da zuhainik aldean;

 choriak ez du

 chintarik osto gainean,

 Indart-Zuburu

 lo ditut bethe bethean;

 zeruak lurra

 besarkatzen du bakean.

 

           Aratçheari

 marrumaz asi da beia;

 ezkila orde

 neri Mezarako deia;

 aphezik ez da

 eskas da Mezaren geia;

 besterik ezik

 aski bedi nere leia.

 

           Ichiltasunik

 ez nun osorik aditu;

 ichiltasunak

 bere zurmurrak ba ditu.

 Eliz ichilak

 gogora behar ba nitu,

 hau bezain ichil

 ez dut nehon arkitu.

 

           Eliz ichila

 Kartusi'koa Burgos'en,

 orobat ichil

 Azkoitin Santi-Kurutzen:

 han gerthatu niz

 othoitz beitarik egiten.

 Ez nuen uste

 choko oberik ba ziten.

 

           Ibili, joan,

 bethi nagozu erdian,

 mugarik eta

 bazterrik ez du tokian.

 Jinkoaganat

 ari nizala abian,

 geldi behar dut

 erdi-leku den guzian.

 

           Agur oraikoz

 bego zuen arrabotsa,

 chorien chinta,

 ithurrien pilpil-otsa,

 oihan itsuen

 muskil orrien asotsa,

 itsasoaren

 marmari nahiz ostotsa.

 

           Zuek zaituet

 erdi hontarat ekarri,

 —zuek oraino

 Jinkoaren orhoitgarri—;

 ba dakizute

 ni zertaz nizan egarri;

 edan arteo

 utz nezazute bakarrik.

 

           Iduritzen zaut

 ororen erdi nizala,

 eginak oro

 neretzat egin dirala;

 askoz ez handiz

 ez naute zenbait bezala

 lotsaz beldurtzen

 handiago dut ahala.

 

           Jinkoa dugu

 giran orok erdi-leku,

 Haren iduri

 denen erdian gaude gu;

 erdi-leku hauk

 muga bera dute phondu;

 bi giralarik

 helgar bat egiten dugu.

 

           Erdi hontarik

 ezin dugu ihes egin,

 halarik ere

 baztertzen gira minekin.

 Bakea nahi

 bestekin eta gurekin;

 ez da bakerik

 hortik ilkitzearekin.

 

           Berraondo'ko

 itsaso lur bihurtua,

 zeru-lurraren

 ezpain betheko musua,

 Elizik gabe

 Eliz hontan dut Jinkoa;

 gogoz dut hemen

 entzunen Meza Saindua.

 

           Lur handia da

 ostia bezain biribil,

 ni niz apheza

 ez hemen aphezik hurbil.

 Bego latiña,

 bego mintzai oro ichil,

 Jinkoarekin

 kuku neregan nadin bil.

 

           Gordegu hontan

 gerthazen niz handienik;

 kuku, hobeki

 gauzak ikusten ditut nik.

 Beste orori

 begiak ertsi emanik,

 Jinkoaganat

 zabaltzen ditut azkenik.

 

           Neurri ta neurri

 bethi niz phondu berean,

 neurri ezina

 den Jinko azken-gabean;

 nihaur hein batez

 hala niz Haren barnean;

 ari nindeke

 neurketa bethierean.

 

           Maitatzen zaitut

 Jauna, eginik ahala,

 sortkari oro

 hontan lagun ditudala;

 are oraino

 —ni nizan bezain argala—

 maita nai zaitut

 Zuhaurek Zuhaur bezala.

 

           Ichila Meza,

 obe dut ichilik egon;

 bihotzez bihotz

 Jinko honarekin nagon.

 Ez dut zurmurrik

 entzun ere nahi nehon.

 Othoitza gocho

 egiten da Berraondon.

 

                                   (Berraondo'tik (Bahía Blanca), Argentina'n).

 

 


inprimatu