Gezurren tamainaz
Gerardo Markuleta
Gezurra... beti da iruzurra? Beti da iruzur gezurra?
Eta... gezurra txipi-txipia baldin bada ere, berdin da iruzurra?
Ba al da inor munduan, akaso,
ez bere buruari eta ez beste inori,
sekulan ezta gezurtxo gupidatsuren bat ere esan ez dionik?
Kamaleoiaren azaleko mudantzak... gezurraren koloreak dira?
Zeinek bere buruari esandako gezurra...
zer da? arinagoa? edo astunagoa?
Gutarren gezurrak, zer dira?
arantzatsuagoak? edo irensten errazagoak?
Maiteminduaren barreneko mudantzak gezurraren koloreak dira?
Zenbat gezur txipi behar da
tamaina estandarreko gezur bat osatzeko?
Noiz arte jarraitzen du izaten gezur txipi batek gezur txipi izaten?
Zenbatgarrenean bihurtzen da gezur txipia... gezur-gezurra?
Protokoloaren atzealdeko mudantzak gezurraren koloreak dira?
Zenbat aldiz errepikatu behar da gezur txipi bat
gezur biribil potoloa bihur dadin?
Zenbatek errepikatu behar du
gezur biribil bat
bozgorailu guztietako egia potoloa bihur dadin?
Ez ote da norberaren erru-beldurra... gezur guztietan kaltegarriena?
Gezur batek hil egin dezake.
Beste gezur batek -edo gezur berak- bizi izaten laguntzen du.