Oihan berde luze hartan
Aurelia Arkotxa
Oihanean sartzeko bide hertsia hartu duzu. Blueberry hablen pikor
ubel-beltzek pindartzen dituzte bide-bazterrak. Esku hautraka hartzean heriak
moratu zauzkitzu. Aho-sabaia usain goxoz bete. Oihanean sartzeko bide
hertsia hartu duzu. Itzalak haunditzen ari. Zuhaitz ikaragarrien artean den
ixiltasun bortitza entzuten duzia? Oihan basean ipuinetako haur hura zara.
Ttipi ttipia. Oihanean galdua.Itzalak luze. Beldurra zutaz jabetu da ja. Zainetan
brustaka kurri dabilkizu odola. Punpa - panpak belarrietan entzuten dituzia?
Omen mamuak badabiltzala oihan hetsi hauetan. Jakin bazinu bederen
eztela egia. Iparrago direla. Norbaitek erran balizu bederen! Bainan blueberry
azukratuak maite dituztela badakizu. Zuk bezala, funtsean. Eta hemen,
blueberryz estalia dago bide bazterra. Badakizu ongi aski mamuak lanjerosak
direla. Etzaiela begietara so egin behar, eta atakatzen badute hobe dela
hilarena egin. Han artean, oihana arratsean sartu da. Eta zu, izialduraren
hondalezean.
Kondalari hunek gezurrezko beldurra zela erran balizu, sinetsiko ziniona?