Moira
Joan Navarro
Izotza ezpain artean. Suak ihes egiten du ene gorputzetik.
Gudua galdua dago eta ezinezko hitzaldi bati ekiten diot.
Ilargia zutabeen artean mugitzen zen. (Ikusteko sentsazioa
izan, eta zentzuen bestaldearekiko mutu geratu, ilargiak
zutabeen artean dantza dagien bitartean, eta gurdia, hilerrira
bidean, euriak lokatza artean agerian jarri dituen
oilar buztanen bulboak zanpatzen. Orain da eta inoiz ez.
Hitzaldi ezinezko hau. Hitz egin ezin daitekeenaz hitz egin,
lengoairen eskeletoaz maitemindutako Vienako filosofoaren
aholkuari jaramonik egin gabe. Orain da eta inoiz ez: zuek ez
daukazue ene begiradako sua ikusterik. Zauritu egin naute,
zauritu egin naute. Odolez zikindua dut bularra. Ilargiak ene
azala erretzen du, argia erretzen du. Gurdiak ene gorputzeko
egurra darama. Zergatik egiten duzue negar? Itzal artean
nabil eta hotza ukitzen dut ene ezpainen zauriez. Planeten
herrialdea begiztatzen dut, esferen dorre eskerga, haizearen
kantu aintzinakoa basoa zeharkatzen duenean, lurraren
erraietan areto mineral zabalak argiztatzen dituen haizkora.
Uretan ikusten dut ene ihardespenaren irudia. Suzko
gurpilek ematen diote su gauari, zeruetatik eskegitako hagak
erretzen, gar biziko errautsen antzeko ahateak muga
konturik batere ez dakien espazioa zeharkatzen. Non ezkuta
nezake ene oinazea, arima jaten didan pena hau, basamortu
hau, paisaia desolatu hau? Norena da ahots hau? Nork esan
dit, ezkutaturik: Jaurti zure ogia uretara, bete lurra zaldiz eta
gero ihes egin, lasterka egin, ezkuta zaitez hautsetan! Suzko
gurpilek ematen diote su gauari eta sutan daude zeruak.
Heriotza izaren gainean zabaltzen da larrua jo eta gero: bi
ezeztapenen artean isiltasunezko hutsunea zabaltzen da. Oi,
ene begiak zaldien zangoen azpian; martxoko lokatzen eta
zelaiak zauritzen dituen ilargiaren uztaiaren artean zabaltzen
ari diren oilarbuztanak! Itzuliko ote dira bihar erroiak
lurralde haiek betetzera ? Alferrikako eta ezinezko hitzaldia
hitzak salbatuko zaituela uste duzunean; gramatika eta
Jainkoa asmatu ditugu, baina azarean jaurtikitako dadoak
ditugu agintari. Nori hitz egiten diozu, hitzaldia bizitza ez dela
jakinaren gainean?)