Voltei
Jose Maria Alvarez Caccamo
Etxean sartu nintzen berriro eta zu joana zinen
Zeure lekua hartzeko herrixka gardenean.
Kezko gorputz batek dirau bulegoan, zutunik.
Pertsianak ez dira isten. Arrakalak jaiotzen dira
eta haietan zehar usoak hegaldatzen kolpeak hartuz.
Egurrak dilatatu egiten dira, kraterrak zabaltzen dituzte,
puztu egiten dira gauez sartu zen itsasoak azpiratuak.
Eskoratu egiten da
etxea ur fosilezko zama garraiatuz.
Amak apar porotsuetako zurrumurrua ehuntzen du
eta lainoetan ainguratua dago
zu iheslari sentitzen ikasten, urrunetik.
Batzuetan zaharkako alfonbra okertuetan ibiltzen da
eta alderdi bertikalak ukituz babesa bilatu beharra izaten du,
eskuko hatzetan zu ez zaudenetik geranioetatik datozen
zenbait inurriren lan geldiezina entzuten
eta hara eta hona dabil korridorean zehar barruan hiribidea balego bezala,
eta telefonoz mintzatzen da okerreko zenbakiekin enigmak uzteko
hau bezala beharbada erbeste girokoak diren beste etxe batzuetan,
edo gu berreskuratzearren ene izena oihukatzen du leihoetatik
eta arratsaldea motoreetatik libre geratzen da.
Sosegatu egiten da berriro.
Itsaso bareko senadietan untzi lokartua,
etxea pairuan dago.
Zu, berriro ere geratu edo itzuli egiten zara
gelditasunaren giltzak baieztatzeko
eta gorputzek beren zama zentrala berreskuratzen dute