inprimatu
Buruko minak
Izenburua:
Buruko minak
Sinadura:
Xanti Zabala Lezo
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zabala, Xanti

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
19.zk.
Orrialdea:
18

Buruko minak

 

Xanti Zabala Lezo

 

 1

 

 Pentsalarien mundu zorrotza,

 Nahiz niretzako izan arrotza.

 Hor murgiltzen naiz berotu

 nahirik,

 arima barruko hotza. (Errepika)

 Eta honek han diotsa,

 gizonak galdu du hotsa,

 gogortu zaio bihotza.

 Ez du entzun nahi kontzientziak,

 Kax-kax jotzen dion hotsa.

 Sentimentuen bizi lekua,

 nihork ez dezala bortxa!!!

 (Errepika)

 

 2

 

 Non da etika non da morala?

 Zabaldutzeko pake ohiala.

 Lotsagarri da bakoitzak nola,

 egiten dugun ahala.

 Niretzat neurri zabala,

 lortu nola edo hala,

 horra gure "ideala".

 Nora goazke bide hortatik,

 eta hori da normala.

 Beste guztiek hor konpon bitez,

 han jokaera tamala!!!

 

 3

 

 Errua beti besteri bota,

 bat baino hobe milako sorta.

 Gezurra dela dakigun arren,

 ez zaigu haunitz inporta.

 Makilakaden errota,

 arrazoiz nork ez gorrota,

 baina eroriak horta.

 -Ni garbi nago- eta auzora,

 botako dugu pilota.

 Duintasunaren giza markoa,

 bai dago pipiak jota.

 

 4

 

 Beti arrazoi guk dugu hemen,

 orain gero ta... bai ere lehen.

 Ez dugu inoiz obedituko,

 ez dugu egingo amen.

 Entzuteko hainbat kemen,

 izan ezkero bederen,

 baina jakin nola gauden.

 Bakoitzak bere astoai "arre",

 "Sooo" besteenei nabarmen.

 Zu pekatari dion otoitza,

 ongi ikasi genuen.

 

 5

 

 Lanik ezaren arazo latza,

 non ez da entnun ohiu garratza?

 Nagusiaren esku dagoen,

 bizi bidezko baratza.

 Gizadiaren urratsa,

 markatzen duen orratza,

 askok utzi du hor hatsa.

 Hainbat "paroan" eta hainbeste,

 ordu Extrakin gor datza.

 Aberitu da solidaritnan,

 kurpil arteko ardatza.

 

 6

 

 Justiziaren alde ez mintza,

 alperrikako duzu ekintza.

 Farregarritzat joko zaituzte,

 zer ohore ta zer haintza.

 Estimurik ez dun ihintza,

 falsifikatu den giltza,

 leku onean gabiltza!

 Gaur baletz eta bihar ezetza,

 edonork jaten du hitza.

 Kantzerra baino okerragoko,

 senda ezinezko gaitza.

 

 7

 

 Errespetoa auzokoentzat,

 ote dagoen hala deritzat.

 Besteri ezin opa diogu,

 eta nahi dugu guretzat.

 Hori ikusten dut behintzat,

 edo non dira emaitzak?

 Hainbeste jo gaitu gaitzak.

 Geurea esan eta entzun ez,

 gor arteko elkar hitzak.

 Konfiantzaren ate zabala,

 jo dezakegu hertsitzat.

 

 8

 

 Maitasunaren kordela eten,

 on eta txarra ez da bereizten.

 Geren zilborra besterik ezer,

 ia ez dugu ikusten.

 Oitura onenak uzten,

 mingaina bihurtu ezten,

 ez dago giro irauten.

 Bidezko dena ere komeni,

 ez bazaigu aurretik ken.

 Edozer gauza egiteko prest,

 ezer ez da eragozpen.

 

 9

 

 Gizatasuna kolokan dago,

 nor baino nor den teman gehiago,

 Ez ote gabiltz geuk sortutako,

 inbiriaren esklabo?

 Ez daukat batere klaro,

 horrela balitz akabo,

 hau non gelditu auskalo!!!

 Eta bitarte lasai al gaude,

 burua besapean lo.

 Etorkizunak orain alditik,

 han ote, du erregalo?

 

 10

 

 Etorkizuna daukagu ilun,

 argi biderik ez dakust inun.

 Hala ta guztiz beharko dugu,

 argi horren bila ihardun.

 Bestela laister alargun,

 hil kutxan eman behar mun,

 gero kirats eta lurrun.

 Giza balore denen kofrea,

 jaurtitzen badugu urrun.

 Gerta daiteken denen erruaz,

 geu ginateke errudun.

 

 11

 

 Mundu zahar hontan bagoaz, nora?

 misterioa hor egongo da.

 Etsipenezko hostro iharra,

 ilusioz nork lora?

 Hauxe datorkit gogora,

 ideia ezin albora.

 Gogorra da "metafora".

 Ekaitzak bota digu untzia,

 kostatik urrun kanpora.

 Denok batera saia ezean,

 bagoaz itxas hondora.

 

 12

 

 Ez dago zertan jokatu arin,

 helduak gara badugu adin.

 Hutsegiteak aitortu eta,

 goazen denok aurrera fin.

 Estutuz hortz eta hagin,

 arraunak gogor eragin,

 gaindituz neke ta min.

 Nortasunaren apur bat behintzat,

 gelditzen bazaigu baldin.

 Gure untzi den Aberri Zaharra,

 betirako gal ez dadin.

 


inprimatu