Eresi
Aurelia Arkotxa
ERESI -I-
I
Haurrak dio xoriak ez direla sekulan hiltzen, ez dituela sekulan ikusi
zerutik erortzen.
Itsas-hegian datza antxeta nabarra. Haurrak dakusa eta hartzen eta
berotzen du besoen artean. Bainan. Xoriaren lepoa gibelera erori, dilindan,
dilin dan, di lin dan.
Haurrak xoriaren xango palmatu hotxa haztatzen du polliki, polliki.
Orain, xoriaren gorputza legarrean pausatzen ari da, kasu eginez,
haizeak mugi arazten dituen luma nabarrak ahal bezein ongi apainduz. Bainan
ezin du. Haizea.
Haurra ixilik dago, pentsaketa. Iduri betidanik eta sekulako...
II
Nik horrelaxe ikusi nuen, belauniko. Belauniko zagon, otoitzean ari
balitz bezala, antxetaren gorputz gaixoa gerizatu nahi izan balu bezala
heriotzatik at.
III
Haizea freskatzen hasten, Jaizkibeleko bizkar luzea lano ilun batzuek
ari dute estaltzen. Haurrak ez du nahi, ez du nahi xoria itsas-hegian utzi. Eta
ikusi gero, bihar, etzi, ekaitzak utzitako plastikazko botila eta abar xehatuen
artean usteldua, jana, joana.
Iduritzen zaio hobekiago sendituko litekeela legarrezko hobi sakon eta
ilun batean. Han, hobekiago pausatuko litekeela.
Keizuan, belar luze eta mehar batzuen artean egin zizkion merexi
zituen ehorzketak, haurrek ez baitute ulertzen zergatik ez diren abereak
jendeak bezala ehorzten hilarri xurietan, zipresen erdian.
IV
Noizbait baldin bazoazte Itsas-hegira, Xokoburu aldera edo berdin
Xorien Ugartera, ikus dezakezue haur bakarti hori, neguan ala primaderan,
menturaz udazkenean bainan guttitan udan. Udan baidatoz itsuak, sohorrak,
beso-motzak, mainguak, mutuak... Eta itsasoa bera ixiltzen baita eta haizea
ere harritzen baita...
Orduan, behin, ikusten baldin baduzue haur hori, Hendaiako itsas-
hegian, Xokoburuko alderdian edo berdin, Xorien Ugartean, anxeta lumak
biltzen edo maskorren nakara iduzkitan dirdira arazten. Geldi zaitezte, so
egiozue. Zuek gizon-emazte xahartu eta ahul bilakatuak izanen zaretelarik ere,
haur hori hor ikusiko baituzue, zerutik eroriak diren xori gaixoen gorputz
hotztuak berotu eta ehortzi nahiez otoitz bat asmatuz, gizonek ahanzten
dituzten itsasoko xori nabar zenduak ere, egun batez, zoriontsu bizi izan
daitezen. Xorien paradisu loriatsuan.
ERESI -II-
Egun hartan, ez zituzten entzun etortzen. Haurrak josteta ari ziren
itsas-hegian. Kanta alegerak noiztenka itsasoaren uhain orlegien burrunbak
estaltzen zituen.
Ez zuten sekulan jakin nondik zetozen. Andre, haur, xahar, denak
eraman zituzten, salbu Petri. Estekatu, ahoa tapatu eta ahantzi zuten itsas-
hegian, menturaz ekinokzako uhain handiek botatzen dituzten enbor
zaharretarik zirudielako.
Bertze guztiak eraman zituzten, errestaka. Batzu entseatu ziren
eskapatzera eta haiek segidoan hil zituzten. Hil eta gero ere ferietan bezala ibili
ziren, nor-gehiagoka, hilikiak tiroz josiz.