Jaberik gabeko zakurraren bizitza
Txomin Ezponda
1
beti bezala bertsuen bidez
daukat egungo langintza
aipatu nahiz jabe gabeko
zakurrak duen bizitza
ez idurian gure arteko
ainitzak berdin gabiltza
esperantzaren hegal beroak
handia baitu geriza
2
zokotik zoko Etxetik Etxe
beti badabil til-til-til
beharriak-ta burua apal
jateko onik ezin bil
horrengatik du bizkar partean
larrua hezurrer hurbil
gauza ona den lekuan beti
baitago ainitz maratil
3
ez da oitua asko bezala
beti sabela beterik
badaki zer den garizuma ta
zer egoitea barurik
horrelaxen du nai ez duenak
egon katean loturik
sofritu gabe ez da izaiten
sekulan libertaterik
4
gau gehienez miatu behar
kanpoko zikin untziak
beretzat zerbait gordetzen baitu
batek ez badu bertziak
ez du lotsatzen zikin artean
bere muturra sartziak
beretzat berdin onak baitira
bertzek ez nahiz utziak
5
gau gehienak hola pasa ta
egunaz baitago lotan
aments goxoak egiten ditu
haragi onak gogotan
etzen lekuak hautatzen ditu
bere gustuko lekutan
uda partean itzalean ta
neguan lasto metetan
6
bere betiko lagun fidelak
hotxen ditu kukusoak
bere denboran haziak ditu
bai familia osoak
haien haizkatzen bermatzen ditu
zangoak eta besoak
lagun hoberik merezi zuken
hain segur zakur gaizoak
7
zakur mehea dena kukuso
lehengoen erranian
lehen egia zagoen eta
berdin gaurko egunian
uste ez denak hartzen baigaitu
maizenik bere menan
beti badira bizi direnak
bizi direnen gainian
8
behin batean joan izan zen
urrixa polliten gana
maitasunaren sukarrak zion
ideia hori emana
harat helduta aurkitu zuen
gaitzeko zakur andana
bainan abilak badaki beti
besteak nola engana
9
ikusi zuen bazagoela
bertzetan zakur ederrik
maitasunezko sendimendutan
ez zagoela bakarrik
batzu borrokan hor ari ziren
negurtu gabe indarrik
maitasunetik urruti zauden
joka ari zirelarik.
10
gisa hortarat iraganikan
hiru gau eta bi egun
berriz lehengo lekuratzea
deliberoa hartu zun
denbora gutiz egin izan zen
zerbait geihagoz jakintsun
maitatzen dugun lekuan bezin
ongi ez gaudela nihun