Nere sort etxea
Txomin Ezponda
1
Ainitz bezala, sortua bainaiz
Euskadiko lur maitean,
amak'ta aitak hazi ninduten
baserri ttipi batean,
haiek zituzten neke guziak
berantxago ikustean
adimendua senditu ordu
partitu nintzan airean.
2
Ikusi eta ait'eta amak
zenbat nekezi zaukaten,
pentsatu nuen: ogi biderik
hiretzat etzagok hemen.
Orroitu eta nola lurrean
aldi bat baizik ez gauden,
lan berri bila partitu nintzen
desgustatu baino lehen.
3
Hogoita hamar urte inguru
johan nintzela ihesi,
kanpoko saldak zer gostu duen
beharrak daut erakutsi,
urrun gan'ta're ez baititaike
nahi den gauza kausi,
horren gatikan nik sor lekua
ez dut sekulan ahantzi.
4
Delibero bat hartu bainuen
igande batez joaitea
berriz ikusi behar nuela
neure sor leku maitea.
Haratekoan gogoa naukan
orroitzapenez betea.
Dohakabe bat, ikusi nuen
hori zen gauza trixtea.
5
Ikusi gabe nola sinetsi
zer dagon bilakatua.
Hor ere ez da zahar zaroa
markik gabe pasatua,
lehen kolpean ageri baitu
biziz dela gabetua,
teila parte bat lurrean eta
bertzea zelartatua.
6
Sukalderako leihoa. ere
erdi eroria dago
eta sartzeko ate lodiak
badu errezelo frango.
Sisten hartzeaz beldur dagona
egon behar urrunago,
lapar lodiak joanak dira
etxea baino gorago.
7
Xerritegia asuna leku
teilaturikan gabea,
iduri luke pairatu duen
gainerakoen doblea.
Aldamenean borobil dago
lehengo leku noblea,
hoinbeste ogi eta jateko
erre dituen labea.
8
Etxe gibelak hartua baitu
aitzinak duen moldea,
horraraz geroz, nik hori ere
ikusi nahi ordea.
Barrukiari behatu nion
hemen zer dago gordea,
orga pare bat bipihek jana
eta herdoilak goldea.
9
Neure begiak ezin sinetsiz,
gelditu nintzan hementxe,
bainan zer egin, salbatzeko're
ez ote dago berantxe.
Lenago hemen ikusirikan
zonbait behi'ta ahatxe,
lehen iņaren goza leku zen,
oral huntz batzuen etxe.
10
Gero segidan joan bainintzen
etxe azpiko landara,
hoi ere ezin daike geihago
landa batekin konpara.
Ez da oraino, oihana baino
gotortua dagon xara.
Lehengo gure uzta lekua
orai basurde ganbara.
11
Ilun'ta trixte bukatu nuen
neure bisita laburra.
Horrarat berriz itzultzeko nik
izanen dutan beldurra.
Trixtura leku bilakatu da
halako etxe xamurra.
Oraiko ustez hor egin diot
nik neure azken agurra.