inprimatu
Sikologia erreakzionarioa
Izenburua:
Sikologia erreakzionarioa
Sinadura:
Toufiq Sayigh
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Itxaro Borda)
Egilea(k):
Borda, Itxaro
Sayigh, Toufiq

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
16.zk.
Orrialdea:
27

Sikologia erreakzionarioa

 

Toufiq Sayigh

 

 Ez dut sekulan ikusi, zin dagit,

 Larain bat biltzen

 Malko erdia ixurtzen sumatu gabe,

 Eta begi aurrean, begi atzean,

 Presoen latzak,

 Birjinen bahiketak,

 Haur lerro etengabeak baratze deitzen direnetan.

 

 Badakit larainak bildu behar direla.

 Badakit bere iraupenak lurretan

 Beste edonongoaren antza duela.

 Arrosei, erregelrei, larain gorriei

 Juntaturik, larain zuriak

 Xoilik baratzezain elkorrak entzun dezakeen

 Mezu bat ematen duela

 Badakit.

 

 Badakit. Bere bidaiak orduan, ez darama

 Sapa indarrez dagoen lur berrirantz,

 Baina baso luze garbirantz.

 Ez da hosto bizizko estalgi batetan eroriko

 Baina gela batetan, ohearmairu baten gainean.

 

 Menturaz esku maitaletik

 Esku maitatura lerratuko da.

 Menturaz tindalari batek

 Telan pausatuko du,

 Menturaz hilobi batean,

 Itzal eta xangrin izango da.

 Badakit.

 

 Badakit zibilizazione hau

 Gizartearena dela, ez leinuriarena.

 Eta honen oinarrietan

 Sikologiak bere etxe erraldoiak

 Eraikitzen ditu.

 

 Baina haur izan nintzen

 Eta haur nago.

 Eta nere hasperenek, badakit, nere desirek

 Lehenagoko oihartzunak errepikatzen dituzte.

 Oroitzen naiz: mezua eta basoa dago,

 Amodioa, tela eta hilobia.

 Bada ere, goizaldera,

 Makil lodiaz bultzatzen nauen

 Beltz hori,

 Eta, gaua jin baino lehen,

 Bi beso eta zintzur bat,

 Eta, nere biloetan jostatzen diren erhiak,

 Eta, otoitza zein kanta nahasten duen ahoa.

 


inprimatu