inprimatu
Kantua zen basorat itzuli
Izenburua:
Kantua zen basorat itzuli
Sinadura:
Xabi Soubelet
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Soubelet, Xabi

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
16.zk.
Orrialdea:
13

Kantua zen basorat itzuli

 

Xabi Soubelet

 

 Oihan barnean jeikirik zegoen herrixka hartan,

 xoririk ez zegoen

 kanturik ez zegoen.

 Etxe multxo hartan bizi ziren irriak, itzaliak ziren.

 

 Gau batez salbatzaile izan nahiez,

 egon nintzen egia jakin beharrez.

 Erraldoi gaixto bat mendiko leize beltzetan bizi zela, nik ere entzun nuen.

 Gauero bere egoitzatik ateratzen omen zela, nik ere entzun nuen.

 Hainbeste gauza entzun bait nituen, nik ere.

 Besteek bezala, atso zaharren hixtoriotzat nituen

 Besteek bezala, nik ere sinesten ez nituen.

 Gau batez salbatzaile izan nahiez,

 egon nintzen egia jakin beharrez.

 Basoratu nintzen, zuhaitz bilakatu, nintzen, han egon nintzen,

 begi-belarri.

 Zimiztak jo eta inartu ninduen

 Minik harrapatu ez nuen

 Moxorro eder bat itzdiak emanik... zer ihauteri...

 Eta zer gosari...

 Zer erraldoi tripari...

 Gauerdiz, habiz habi, ezkerra heda, eskuina ahorat, xorirk txioka, sabel-barne barnerat.

 Nere adar inartuetan habirik ez, bizirik ez. Gelditu gabe, bere bidea du

 segitzen, ahoan dituenak ezin iretsiz. Nehor ez da kantari,

 hila da egun bizi.

 Zer egin? Ixilik egon eta adi... Ez! Txistuka hasi.

 Hasi orduko erraldoiak eman zuen itzuli. Harat hunat zebilen, soinu galdu

 haren bila, xori ausart haren bila. Hurbildu zitzaidalarik, tinko tinko

 so... xo... zuhaitz hura, zer misterio. Azpitik goraldera begiratuz, enborra,

 adar eta ardaxkak ikertu nituen. Gailurrean ere xoririk ez zegoen, eta ni txistuka ari,

 ari, ari. Goiti, beiti, ezker, eskuin, jautsi, itzuli, ibili.

 Nundik debru zetorren hura, doinu madarikatu hura?

 Asperturik, erdi eroturik, indar guziz errotik atera eta lurrerat ninduen

 aurtiki, eta ni txistuka, txistuka, txistuka.

 Altxatu nintzen eta herrialderat ibiltzen hasi nintzen. Erraldoia, adimen

 gaberik, nere atzetik, dantza arin batez, zetorren, irriz eta irriz.

 Haurreri guzia, gure ingururat etorri eta dantzan hasi. Irria zen herrirat

 itzuli, kantua zen basorat itzuli.

 Plazan, ni nintzen zuhaitz inartua han zuten landatu eta hartan

 erraldoia sartu. Irria zen herrirat itzuli, kantua zen basorat itzuli.

 


inprimatu